Gaur Arabako Batzar Nagusietan egindako bilkuran PPren menpe geratu da 2015ean Lamuza Parkera 3 milioi euro bideratzea edo ez.
Aurtengo aurrekontuak luzatuta daudenez, PSE-EEk eskaera egin du Arabako Foru Aldundiak aintzat har dezan 2015ean Laudioko parkea konpontzeko beharrezkoak diren 3 milioi euro horiek gauzatzea.
Alderdi guztiek proposamena babestu dute, PP ezik. Hurrengo urratsa Arabako Foru Aldundiari dagokio, hau da, Javier de Andresen taldeari. Foru Aldundiaren kudeatzaile gisa, PPk dauka eskaera onartzeko edo baztertzeko aukera.
Onartuko balitz, Arabako Biltzar Nagusien bilkuran eztabaidatuko litzateke Arau Forala aldatzea eta Lamuza Parkearen konponketak egiteko 3 milioi euro bideratzea 2015ean. Berriro alderdiek babestuko balute iniziatiba, 3 milioi euro horiek lortuko lirateke.
Oposizioan dagoen Laudioko biltzarkide batek adierazi du eskaera kontuan hartuz gero erraz onartuko litzatekeela, baina ez da oso baikorra, PPk orain arte guztiak baztertu baititu eta ekimenaren aurka bozkatu du gaur bertan.
Popularrek Arau Foralaren aldaketari uko eginez gero SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak hamaika aldiz eskatutako dirua ez litzateke helduko, ez 2015ean behintzat.