Laudio Ikastolak XV. Hezkuntza Jardunaldiak antolatu ditu aurten, eta formatu berritu batekin aurkeztuko dituzte.
Aurreko urteetan lau egun jarraian egiten zituzten, baina aurten hilabete desberdinetan gauzatuko dituzte. Saio guztiak Laudioko Kultur Etxean izango dira, larunbat goizetan 10:30etatik 13:00etara.
Lehenengo saioa larunbatean izango da, urtarrilaren 24an eta bigarren saioa martxoan edo apirilean.
Solasaldi horien helburu nagusia, guraso ikasle eta irakasleen artean baloreetan oinarritutako heziketaren funtsak komunean aztertzea izango da.
Horretarako, lehenengo saioan, Azucena Alonso González irakasle kolonbiarra egongo da hizlari gisa. Horrek, bere esperientziatik abiatuta, baloreetan oinarritutako heziketaren funtsak komunean hausnartzeko gonbidapena luzatuko die partaideei.
Solasaldiaren lehen zatian, Azucena Alonsok, bere irakasle esperientziari buruz hitz egingo du; bizipen latza; muturreko egoera baten irakaskuntzari buruz arituko da.
Bigarren zatian berriz, talde dinamika ezberdinak abiatuko ditu, kafe baten inguruan, heziketari buruzko hausnarketa bateratua egin dezaten hezkuntza komunitatearen partaide diren guraso, ikasle zein irakasleek.
Jardunaldia, hezkuntza komunitateetan lanean ari diren kolektibo guztiei irekita dago, azken finean herritarrei.