Duela urte bi Laudio Udaleko Euskara Arloak Laudioko merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresetako langileen artean euskararen erabilera sustatzeko urte batzuetarako plan estrategikoa jarri zuen abian. Dagoeneko 130 dira plan honetan murgilduta dauden establezimenduak. Esandako plan orokor horri lotua, era askotakoak izango dira aurten antolatuko diren ekimen osagarriak. Horietako bat, merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresetako langileei espresuki bideratutako DENDAKETAN oinarrizko euskara ikastaroa, bezeroarekin euskaraz egin ahal izateko. Aurtengoa bigarren edizioa izango da.
Ikastaroa urtarrilaren 26an hasiko da. Denetara, 60 izango dira hartuko dituzten eskola-orduak. Ikastaroa gauzatzeaz AEK (Berbots euskaltegia: 946726722; Zubiaur, 5 - Laudio) arduratuko da. Bertan eska daiteke informazio osagarria. Matrikulazio epea irekita dago eta ikastaroa hasi arte iraungo du.Ikasle bakoitzak 107 euroko matrikula ordainduko du ikastaroa egin ahal izateko baina diru horren % 100 itzuliko zaie beka baten bitartez, gutxieneko baldintza batzuk (bertaratzea batez ere) egiaztatzen baldin badute.
Bestalde, otsailaren 2tik 13ra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeetan sartzeko 2014/15 ikasturterako aurrematrikulazio epea irekiko du.Hau dela eta, Udalak, Euskara Arloaren bitartez, kanpaina bat abiatu du, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako Laudioko 321 umeei zuzendua “D bitamina: aberastu bere heziketa!”.