Udaletik jakinarazi dutenez, 2015ean egiteko asmoa badago ere, auzokideek eskatutako Ugarteko plaza bien arteko lotura aurrerago ebatziko da.
Izan ere, abenduan Obra Txikien Plan Foralerako deialdian proiektu horren ordez Aretako frontoiko konponketa lanetarako diru-laguntza eskatu da, bertan estalkiko itoginak eta kanpoko hormak konpontzeko premia zegoela iritzita.
Hala ere, Udaletik lantaldea osatu dute, auzokideekin batera, obra bideratu ahal izateko. Bertan auzokideen beharrak ere zehaztuko dituzte, betiere auzo asanbladetan jasotako ekarpenak kontuan hartuz.
Plazen arteko lotura arrapala bidez egitea aurreikusten dute, legeak zehaztutako %8ko maldarekin, irisgarritasuna bermatzeko. Horrez gain, auzokideek umeen jolas parkea plazara eramatea eskatu zuten. Proposamen guztiak entzun eta bideratzeko borondatea duela azpimarratu dute Udaletik.