Laudioko Udalak merkataritza suspertzeko plan berria aurkeztu du. 2014ko azaroan eta abenduan saltoki eta kontsumitzaileen artean ikerketa gauzatu eta jarduera ildoak zehaztu ditu Ikertalde enpresarekin batera.
Ikerketa egiteko Laudioko 385 kontsumitzaileei eta 208 merkatariei inkesta egin zaie. Ikerketa horren arabera laudiarrek gastuaren %84 herrian bertan egiten dute, Bilbon, berriz, %11,9 eta gainontzeko gastua, beste herrietan edo Internet bidez. Laudion egiten diren erosketei dagokienez, %40 herriko erdigunean egiten da, %38 saltoki handietan eta %5,7 gainontzeko auzoetan.
Bilbo gertu izatea eta merkatarien zahartzea arazo
Laudioko Udalak egindako lanean herriko merkataritzaren ahultasunak, mehatxuak, sendotasunak eta aukerak aztertu dira.
Ahultasunen artean, ibaia edo trenbidea bezalako oztopo naturalak, merkatarien zahartzea (denden erdiak 25 urte baino gehiago du), erakargarriak ez diren hiri altzari eta espazioak edo saltoki handietan ematen den kontzentrazioa nabarmendu dituzte.
Mehatxu nagusiak, Bilbo gertu eta ondo komunikatua izatea, krisi ekonomikoa eta zabaltzen ari diren erosteko modu berriak dira.
Sumatu diren sendotasunak ez dira gutxi: Laudiok Aiaraldean duen nagusitasuna eta inguruko herri askorekin komunikazio ona, kontsumitzaileak erakartzeko balio duten saltoki handiak, osteguneko merkatu tradizionala, merkatari elkarte indartsua eta eskarmentua duten eta trebatzeko prest dauden dendariak eta, azkenik, askotarikoa, kalitatezkoa eta prezio onekoa den eskaintza.
Laudioko merkataritzak dituen aukerak hurrengoak dira ikerketaren arabera: Saltoki gutxiago duten ondoko herrietan bezero berriak biltzea, aisialdi eskaintza hobetzea eta merkataritza espazioa edertzea.
Lau ardatz berri
Egindako lanak ikerketa bakarrik ez, plana aurrera eramateko 4 ardatz berri ere zehaztu ditu: Merkataritzaren animazioa eta dinamizazioa, Merkataritza ingurunea erakargarri bihurtzea, Modernizazioa eta lehiakortasuna eta Instituzioen eta ekimen pribatuaren arteko elkarlana.
Ardatz horiek, ekintza ildo eta jarduera zehatzetan gauzatuko dira. Hurrengoak dira jarduera batzuk: herrian kontsumitzearen garrantziaz ohartzeko sentsibilizazioa, Lamuza Parkea, Merkatu Plaza edo Alberto Acero bezalako espazioak eta orokorrean herriko ondarea edertzea, ondoko herrietatik trenez etortzeko aukera erraztea, saltoki handiengatik herrira etortzen diren kontsumaitzaileak saltoki txikietara ere erakartzea eta ondorengotza programak abian jartzea era erretiroa hartzear dauden merkatarientzat.
Plana udal talde guztiei helarazi zaie eta hilabete honetan merkatariekin zehazten hasiko dira.