Ez da zauriturik egon eta ez dago zehaztuta zenbat diru eraman duen atrakatzaileak. Ertzaintzak operazio bat jarri du martxan atrakoaren egilea topatzeko asmoarekin.
Gizon batek Santander Bankuaren Laudioko sukurtsala (Herriko Plazaren alboan dagoena) atrakatu du gaur goizean. 9:30ak aldera sartu da bankuan. Iturri batzuek EL CORREO egunkariari adierazitakoaren arabera, aurpegia estalia zeraman eta langileak pistola batekin mehatxatuta lortu du dirua eramatea. Ertzaintzak ez du iturri horiek diotena hala izan dela baieztatu. Oraindik ez dago zehaztuta atrakatzaileak zenbat diru eramatea lortu duen.
Ertzaintzak adierazi du ez dela zauriturik egon eta operazio bat martxan jarri dutela atrakatzailea aurkitzeko. Behin lapurreta gertatuta, bankuak ateak itxi ditu.