Balizko txakur pozoitu baten jabearen kexa jaso ostean, Laudioko Udalak udaltzaingo eta garbiketa zerbitzuei adi egoteko eskatu die Zubiko Etxean dagoen lorategian. Nahiz eta jabeak salaketa ofiziala ez egin, kartelak jarri ditu ingurutan eta udalean aurkeztu du arazoa.
Aste hasieran herritarrak jakinarazi die udal ordezkariei bere txakurra pozoitu dutela Zubiko Etxean dagoen lorategian zerbait jan ostean.
Antza, garbiketa zerbitzuak aluminiozko paperean zeuden haragi zatiak topatu zituen. Hala ere, zaborrera bota zituzten langileek eta udaltzainek ez dute aukerarik izan aztertzeko. Ondorioz, ezin dute ziurtatu janaria pozoituta zegoenik.
Hala ere, udalak arreta berezia eskatu die polizia eta garbitzaileei. Berriro haragi puskak agertuko balira, udaltzainen asmoa da laborategira bidaltzea egiaztatzeko pozoiturik dauden edo ez.