Azaroan Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikatutako agintearen bidez deialdia zabaldu ostean ebatzi dituzte ikastetxe bakoitzari obrak egin ahal izateko egokitzen zaion diru kopurua. Lau dira Laudion finantzazioa jasoko duten zentroak, behar desberdinak asetzera bideratuko dituztenak.
Fabian Legorburu ikastetxeari gimnasioko aldagelak eta biltegia eraberritzeko 74.635,86 euro emango dizkiote. Lamuza ikastetxeak, aldiz, kanalizaziora eta atezain automatikoak instalatzera bideratuko ditu egokitutako 6.236,34 euroak. Lateorron 15.749,98 euro bideratuko dituzte egokitzapen akustikora eta jantokien iluminaziora. Azkena Laudio zentroa izango da, bi pareta nagusi egokitu eta hobetzeko 17.835,40 euroko diru-laguntzarekin.
Legearen arabera, obrak 2014ko urtarrilak 1 eta 2015eko abuztuak 31 bitarte hasi behar dira. Amaituta egoteko epea, berriz, 2015eko abenduaren 31n bukatzen da. Guztira, EAEn 6.000.000 euro bideratu dira ikastetxeetako obretarako. Lan bakoitzaren %60a finantzatu da diru horrekin.