Urtebeteko ibilbidea egin du “nomeolvides” elkarteak. Jakinarazi dutenez, jaiotzatik gaurdaino 300 familiei eman diete babesa. Horregatik, laudioarrei eskerrak luzatu dizkiete. Izan ere, herritarren kolaborazioari esker bildu dituzte familientzat ezinbestekoak izan diren jakiak.
2014an bi janari bilketa antolatu zituzten. Lehenengoan, martxoan, 5,5 tona jaso ziren. Bigarrenean, urrian, 3,5 tona. Azkenekoan higiene produktuak ere bildu ziren. Horietaz gain, Guardian Greba elkarteak olioa, umeentzako janaria, kontserbak eta pixoihalak eman zituen.
Jasotako janariaren banaketa hiru epetan egin da. Hiruretan 300 familia inguru izan dira lagunduak, bakoitzari bere osaketaren eta ondoriozko beharren araberako produktuak emanez.
Elkarteak bere ekinbidean jarraituko du. Horretarako herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela deritzo.