Aretako frontoiak Herriarenak Pilota Elkarteak antolatutako txapelketaren XIX. edizioaren lekukoa hartuko du urtearen amaierarekin. Ostiralean hasiko dira partidak. Aurten ere, ohiko legez, jubenil eta senior kategorietan arituko dira parte-hartzaileak eta torneotik at gaztetxo hasiberrientzako lekua ere egongo da.
Luis Urkijok, Herriarenak Pilota Elkarteko kidea, aurtengo txapelketako maila altua azpimarratu nahi izan du, izan ere, parte-hartzaileetako asko hastear den urtean kategoria gorenean lehiatzeko prest egongo dira haren esanetan.
Ildo beretik, Aretako eskupilota txapelketaren ezaugarri bereizgarri bat da pilotariek kantxaratzeko eskubidea frontoian bertan eskuratu behar dutela, ez baitago aurreko kanporaketatik aparteko hautaketa prozesurik.
Torneoaren bilakaerari buruz ere mintzo izan da Urkijo, frontoiaren sasoi onaren alde eginez. “Profesionaletan dauden erdiak hemendik (Aretatik) pasa izan dira” dio eta arrazoirik ez zaio falta. Horren isla, 2014an frontoitik igarotako hiru pilotari gaztek eman izan duten profesionaletarako jauzia.
Urte horietan guztietan txapelketak maila onaren bermea eskaini izan du eta jendearen harrera txapela kentzekoa izan da era berean antolatzaileen iritziz.
Laguntza hori ere eskertzekoa dela adierazi nahi izan du Luis Urkijok, Udalaren papera gogora ekarriz eta tankerako torneo bat urtez urte antolatzea ahuntzaren gauerdiko eztula ez dela azpimarratuz. Haren aburuz, “ez da aski diru kopuru jakin bat biltzearekin, pilotari onak biltzea beharrezkoa da, haiek hona etorri nahi izatea”.
Hastear den aurtengo edizioan ere Iparraldeko edota Errioxako parte-hartzaileak ere jokoan ikusteko parada izango dute bertaratzen direnek, eta telebistak zein egunkariek kirol jazoeren testigantza zuzena hartuko dute behingoan ere.
Gainera, Herriarenak elkartetik ohiko arazo bati konponbidea ematen saiatu izan dira aurtengoan: “jubenilen kategorian arazotxo bat izan ohi dela uste dugu. Hauek 18 urte bete bezain pronto kategoria gorenera salto egiten dute baina horietako batzuk, ez denak noski, eskas iritsi daitezke hain laster nagusien artean lehiatzera. Hain zuzen ere horregatik kategoria hau 19 urtera arte luzatzea erabaki dugu”.
Final laurdenak zehaztuta daude jada eta norgehiagokak arratsaldeko 18:00etan jarriko dira martxan hasiberri txikiekin, 19:30etatik aurrera Aretako torneoko lehiarako giroa berotzen joateko.
Sarrerak 2 euro balioko du bazkideentzat eta 3 bazkideak ez direnentzat.