Ostegunero ez ezik, hileko bigarren astearen larunbatetan tokiko ekoizleen azoka egongo da Laudion.
Laudioko larunbatak proiektuaren barruan kokatu du Udalak ekimena eta abenduaren 13an izango da lehenengo hitzordua. Printzipioz saiakera izango da jendearen erantzuna ikusteko.
Elizako arkupean izango da eta printzipioz ostegunero saltzen dutenak arituko dira, dozena ekoizle inguru.
Baserritarrek kudeatuko dute guztia eta Udalaren betebeharra izango da azokaren inguruko informazioa zabaltzea, eskura dituen euskarri ezberdinetan.
Udal ordezkariek azaldu dute baserritarrek interesgarritzat jo dutela asteburuan azoka egitea, jende askok ezin baitu -lana dela eta- ostegunetan erosketak egin.
Data finkatzerakoan aintzat hartu dute Urduñan antzeko ekimena egiten dutela hilero, baina bigarren astean egin ordez, hileko lehen asteburuan gauzatzen dute.