Hirugarren fasean aurkitzen da Arraño auzoko irisgarritasun proiektua. Aurretik Zumalakarregi eta auzoaren arteko lotura bermatu zen, igogailu bidez. Fase berrian 13 metroko altuerari egingo zaio aurre. Zehazki, igogailutik Larraño kalera arteko lotura egingo da. Bertan aurkitzen diren hiru etxebizitza blokeekin harremanean garatuko da proiektua.
Auzokideek auzo asanbladetan eskatu zuten esku hartzea. Era berean, Udaletik kota aldaketak eta auzokideen zahartzea ikusita proiektuaren beharra azpimarratzen da. Osoko bilkuran behin behineko onarpena egin zen. Ondoren auzokideei aurkeztu zitzaien eta ordutik aurrera alegazioak egin ditzakete.
Bi proposamen planteatzen dira: lehenengo zatian, hurbilketa elementua bukatuko da. Horren bidez oinezkoak igogailu berrira helduko dira. Bigarrenean, berriz, igogailua bera eraikiko da, hiru blokeetarako irisgarritasuna bermatze aldera.
Proiektuaren aurrekontua 431.841,36 eurokoa da. Udal gobernu taldetik 2015eko aurrekontuetan txertatzea analizatzen ari bada ere zaila izango dela aitortzen dute. Izan ere, diru kantitate handia da, eta hurrengo urteetan egin beharrekoa dela iritzita ere zailtasunen jakitun dira.