Laudioko udal gobernu taldetik pasa den astean egin bezala, Arabako Biltzar Nagusietako EHBildu Biltzarkide Taldeak parkearentzat beharrezkoa den finantzazioa eskatzeko mozioa aurkeztu du. Bihar, hilaren 26a, eztabaidatuko da. EAJk testua babestuko du puntu bat gehitu ostean eta PSE-EEk, printzipioz, beste mozio bat eramango du Biltzar Nagusietara.
Laudioko Bilduk jakinarazi zuenez, De Andres ahaldun nagusiak 2 milioi euro bideratuko zituela esan eta egun gutxira aurrekontuen aurreproiektuan kantitate hori ez eta 350.000 euro txertatu zituzten.
Zentzu horretan, EHBilduren ustez “urteak eman ditu gauza bat esaten baina bestea egiten”, eta gertatutakoa horren adibide moduan jarri dute.
Bideratutako kantitatea nahikoa ez dela iritzita Lamuza Konplexuaren Babes eta Kontserbaziorako Plan Berezia martxan jartzea eskatu da EHBildutik. Horretarako AFAk 2011n hitzartutako 3 milioi euro beharrezkoak direla deritzote.
2016rako 2 milioi euro
AFAk adierazitakoaren arabera, 350.000 euro 2015erako aurrekontuetan txertatu arren, 2016rako 2 milioi euroko kantitatera heltzea aurreikusten dute. Laudioko gobernu taldetik, ordea, ez dute hitzongan sinesgarritasun handiegirik jartzen. Gainera, datorren urterako bideratutako kantitatearekin ez dela esku hartzerik bermatzen uste dute.