La Caixaren gizarte-ekintzak eskainitako “Teknoiraultza” erakusketa bisitatzeko aukera egongo da abenduaren 7ra bitartean Laudioko Aldai plazan.
Miguel Septien, Caixabank kreditu erakundeko ordezkaria eta Natxo Urkixo, Laudioko alkatea, izan ziren asteartean deitutako inaugurazio ekitaldian.
Teknologia konbergenteen inguruko erakusketa interaktiboa eskainiko dute Aldai plazan kokatutako kamioian. Nanoteknologia, Bioteknologia, Informazioaren Teknologia eta Teknologia Kognitiboaren arteko elkarrekintzak osasunean, elikaduran, bioinformatikan, industrian, konputazioan, telekomunikazioetan eta oro har gizarte-ongizate maila hobetzeko alor anitzetan eragin dituzten hobekuntzak modu hurbilean azaldu nahi ditu erakusketak.
Erakusketa interaktiboa
Bisitariek, besteak beste, birus baten hedapena iragartzeko simulagailua erabili, animalien portaera imitatzen duten robotak funtzionamenduan ikusi, norberaren burmuinaren erlaxazio maila makina baten bidez neurtu, edo minbiziaren trataeran nanoteknologiak ahalbidetzen dituen tratamendu berriak zertan diren azaltzen duen ukimen-ahalmen anitzeko pantaila erabili ahal izango dute.
Erakusketa 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara bisitatu ahal izango da astelehenetik ostiralera eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00era larunbat, igande eta jaiegunetan. Gidatutako bisitak eskainiko dituzte 19:00etan astelehenetik ostiralera eta 12:30ean eta 19:00etan larunbat, igande eta jaiegunetan.