Ilazki Ussia (Laudio, 1992) Laudioko Gazte Asanblako kidea da. Asanbladak Gazte Eguna antolatu du Larunbat honetarako, azaroak 22.
Zein helbururekin antolatu duzue gazte eguna?
Gazte eguneko helburua, batez ere, Laudioko gazteria piztea da, egungo Laudioko gazteak ez garelako batere aktiboak eta herrian antolatzen diren ekintzetan ez dugulako parte hartzen. Lokaletan daude geure interes puntu bakarrak, zulo horietatik kanpo gertatzen denari kasurik egin gabe.
Azkenengo Gazte Eguna 2010 urtean izan zen, zergatik erabaki duzue aurten Gazte Eguna berreskuratzea?
Ezin bestekoa dela uste dugu, gazteria kalera ateratzeko; horregatik da eskaintza hain zabala. Gazte guztien interesa piztu nahi dugu egun honekin, egun polita izan daitekela uste dugu herriko gazteen artean erlazioak egiteko eta, bide batez, Gazte Asanbladaren lana herriari azaltzeko.
“Ez utzi hiltzen” da Gazte Eguneko leloa. Laudioko herria da hilda dagoena? Zergatik lelo hori?
“Ez utzi hiltzen” leloa nahiko gogorra eta zuzena dela badakigu, baina, errealitate bat da, gure herriko errealitatea hain zuzen. Esan bezala, gazteok lokaletan sartuta ematen dugu eguna eta ez diegu herrian gertatzen diren gauzei erantzuten, ez positibo, ezta negatiboei ere. Egoera larria da. Horregatik ere gure gazte eguneko logoa: elektrokardiograma bat da, bizi-bizia hasieran, baina gero zuzen-zuzena, Laudioko gazteria hiltzear dagoela adierazteko.
Zer suposatzen du horrelako egun bat prestatzeak?
Gazte Egun baten prestaketak lan handia dakar. Kanpotik ikusita, egun sinple baten itxura eman dezake, baina ez. Egun honek lanketa eta prestakuntza bat dakar atzetik, errealitatearen azterketa bat. Ikusten dugun egoera latzari irteera bat emateko alternatibak eskaitzen ditugu, hau potoloena da, baina ez da Gazte Asanbladak egiten duen ekintza bakarra.
Larunbatean Laudiora hurbiltzen den orok, zer egin ahal izango du?
Egitarau zabala da; gazte, ume eta ez hain gazteentzako egitarauarekin. Umeek, adibidez, goiz osoan zehar tailerrak eta rokodromo bat izango dituzte. Azoka alternatibo bat ere egongo da hainbat erakustaldirekin batera. Eguerdi partean Kun-kun batukada ere arituko da herriko kaleak astintzen. Bazkari herrikoia egongo da gero. Ondoren, kopa eta kafearekin batera kantautoreak izango ditugu. Jarraian gazte jolasak eta kalejira egongo dira. Gau partean, berriz, Enkore, Esne Potak eta 3gabe2 taldeek joko dute Gaztetxean.
Aipatu beharra dago goizean zehar Ttunturro joaldun taldea ere arituko dela. Azken orduko gauza bat izanda ez zuen egitarauan sartzeko denborarik eman.
Esne Potak taldea arduratu da Gazte Egunaeko abestia egiteaz. Nolakoa izan da abestia sortzearen prozesua?
Laudioko musikariak nahi genituen Gazte Eguneko lehen kanta izan dena egiteko, eta Esne Potak taldea burura etorri zitzaigun, beste askoren artean. Hala ere kolaborazioak ere baditu abestiak, Ereño, Aiala, LuziFr eta Jositoren eskutik. Lau abeslari horiek ere laudiokoak dira.
Bazkarira apuntatutako gazte guztiek jakin nahi izango duten galdera da hau: Zein izango da menua?
Bazkarirako menua oso aproposa da urteko garai honetarako: Babarrun gorri bero eta gozo-gozoak, odolostea, kafea eta kopa. Aipatu beharra dago barazkijaleentzako jana ere egongo dela.
Aipatu duzunez, gazte jolasak egongo dira arratsaldean. Zer motatako jolasak izango dira?
Jai giroan elkarrekin ondo pasatzeko aproposak. Koordinazioa, talde lana, umorea... uztartuko dituzte.
Badakigu zein den zuen helburua, baina, Gazte Asanblada moduan zer da egun honetaz espero duzuena?
Egun honetaz espero duguna…. Jendearen erantzuna espero dugu, erantzun ona eta positiboa espero. Herritarrek Gazte Asanbladari lan gehiago egiteko gogoak ematea, haien erantzunarekin.
Zerbait gehiago gehitu nahi duzu? Aurrera!
Animatu zaitezte eta hurbildu Gazte Eguna eskaintzen dituen ekintzetara! Ezutzi hiltzen Laudioko gazteria!