SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak Arabako Foru Aldundiari parkean berehalako interbentzioa eskatzeko 4212 sinadura jaso eta sei egunetara bildu ziren Natxo Urkixo alkatea eta Javier de Andres ahaldun nagusia. Udaletik konpromiso eta akordioen beharra azpimarratu zen, herritarren parte hartzearekin eta parkearen erabilera sozio kulturala bermatuz.
Bide horretan, urriaren 27ko osoko bilkuran eskakizun berdinak biltzen zituen mozioa onartu zen. Egunotan, ordea, 2015erako AFAk aurkeztutako aurrekontuen proiektuan Lamuza Parkera 350.000 euro bideratu direla-eta, udal gobernu taldetik bi aste eskas lehenago ahaldun nagusiarekin 2 milioi euro adostu zirela jakinarazi da.
Zentzu horretan, PPren borondate eza salatzearekin batera, herri gisa erantzun irmoa proposatuko dutela adierazi da Udaletik.
Udal hautetsientzako Kode Etikoa
Eledun batzordeak landuta, Udalbatzak etorkizunean aukeratuak izango diren udal hautetsientzako Kode Etikoa eztabaidatu eta onartuko du. Bertan, Bilduk osatzen duen udal gobernu taldeak hala adierazita, ezinbestekotzat dituzten irizpideak kontutan hartu beharko dira: gardentasuna, interes publikoaren nagusitasuna, jendarte osoaren alde egikaritu beharreko kargua alderdiaren edota norberaren xedeetarako ez erabiltzea, kontratazio denetan publizitatea eta lehia askea bermatzea eta diru publikoaren kontrol zorrotza, besteak beste.
Gardentasunaren atalean bereziki aipatzen da hautetsien dietak eta soldatak Udalaren webgunean argitaratzeko beharra. Bilduren ustez ustelkeriaren aurkako borroka da indartu beharrekoa, berau bermatzen duen sistema aldatuz.