Gutun baten bitartez Arabako Biltzar Nagusietan ordezkariak dituzten taldeei sinadura bilketan egindako eskakizunei atxikimendua ematea eskatu die SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak. Eskakizunean, zehazki, Kasinoa eta Musikaren Etxea eror ez daitezen larrialdiko esku hartzeak gauzatzea -hots, parkearen ondarearen jarraipena bermatzea-, eta ondare hori laudioarren behar soziokulturalak asetzeko bideratzea aipatzen dira.
Atxikimendu publikoaz gain, 2015eko Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuen aurreproiektua lantzen ari direla aprobetxatuta, Lamuza Parkera beharrezkoa den dirua bideratzea eskatu dute plataformatik. Prozesua herritarren, Udalaren eta eragile sozialen parte hartzearen bidez bideratu behar dela aldarrikatu dute. Zentzu horretan lantzen denaren berri ematea ezinbestekoa dela deritzote.
2013ko abenduan piztu zen parkea berreskuratu beharraren eztabaida, Musikaren Etxea erortzear zegoela ikusita. Eraikina 2003tik itxita egon da. Arabako Foru Aldundiak 6000 euro bideratu zituen sendotu eta porrota ekiditeko. Neurriak nahikoak ez zirela iritzita sortu zen herri plataforma. Hori dela eta, egindako ekimenak medio, Laudioko Udalak 34.000 euro bideratu ditu Kasinoan lanak egiteko. Ibilbide horretan kokatzen da Biltzar Nagusietara eramandako eskakizuna.