1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten. Harrezkero Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen da eguna euskararen erabilera sustatzeko asmoz.
Ospakizunari jarraiki udalak eta herriko hainbat elkartek abenduaren 3rako egitarau zabala prestatu dute ekitaldi bereziak antolatuz.
Goizeko 09:00etan hasiko da eguna Herriko Plazan egingo den Bernado Atxaga idazlearen Obabakoak liburuaren irakurketa publikoarekin batera. Laudioko ikastetxe eta euskaltegietako ikasleak txandaka irakurtzen arituko dira 9:00etatik 15:00etara.
Iluntze partean kriseiluen argipean ekitaldiari hasiera emango zaio Herriko eta Aldaikorreka Plazen inguruan. Ekintza honetan kriseiluek bereganatuko dute protagonismo osoa, parte hartzaileek kriseilu bana eramango dute eskutan figura ezberdinak eratzen dituzten bitartean; zirkulu handia, espirala, alegia. Ekitaldia musikaz lagundua egongo da, musikari batek zuzenean joko baitu. Bi abesti kantatuko dira, Bernat Etxepareren Kontrapas eta Euskal Herrian Euskaraz.
Antolatzaileek herritar guztiei helarazi nahi diete ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena, abenduaren 3an euskararen gainean benetan arreta deitu ahal izateko funtsezkoa jotzen baitute ahalik eta jende gehien parte hartzea.