"Anbulantziakoak bi gorpu jasotzeko etorri ziren baina gu osorik eta ongi geunden"

Erredakzioa 2014ko aza. 13a, 10:49

KIMETZ ELEJALDEk (Laudio, 1980) auto-istripu larria izan zuen pasa den ostiralean Gipuzkoan.

KIMETZ ELEJALDEk (Laudio, 1980) auto-istripu larria izan zuen pasa den ostiralean. Orokorrean istripuak hedabidetan agertzen direnean albiste txarrei lotuta badaude, kasu honetan zorte onari lotutako gertakaria izan da.

Kontatuko diguzu zer gertatu zitzaizun pasa den astean?
Errepidean gindoazela autoaren kontrola galdu genuen, bi edo hiru "tronpo" egin genituen eta horren ostean autobidetik atera eta zubi batetik erori ginen. 9 edo 10 metroko erorketa izan zen.

Airean 2 edo 3 buelta eman eta gero gelditu ginen.

Eta albiste ona da ez duzuela minik hartu.

Ez dugu ezer. Nire lagunak zauri txikia egin zuen baina istripuaren ondoren. Autoan sartu zen sakelakoaren bila eta orduan ebaketa egin zuen eskuan. Txikia hala ere.

Zorte ikaragarria izan duzue, ezta?

Bai. Trenbidearen gainean erori ginen eta gero azpiegitura elektriko baten putzuan erortzear egon ginen. Eta putzu horrek beste 8 edo 9 metroko sakontasuna dauka. Hori esan zuten ertzainek.

Bidegorri baten gainean erori ginen eta hortik korrika zegoen udaltzain bat. Kalez jantzita. Bere atzean jauzi ginen, berak zarata entzun zuen eta atzera begiratu zuenean hegan ikusi gintuen.

Gero berak ireki zuen autoa eta gu onik geunden barruan.

Dena den zerbitzu publikoak ez ziren baikorrak.

Ez, anbulantziakoek esan ziguten prest etorri zirela bi gorpu jasotzeko. Baina gu osorik eta ongi geunden.

Asko izutu zineten?

Ondoren bai. Baina istripua gertatzen zen bitartean ez. Guretzat istripua oso luzea izan zen. Agian minutu batekoa, baina niretzat orduak igaro ziren. Hori bai, ez nuen beldurrik izan. Bat ere ez.

Onartu nuen hil behar ginela, beldurrik gabe. Nire ardura zen kolpe bakarraz izatea eta minik ez sufritzea. Ahalik eta lasterren bukatzeko. Baina ez zen bukatzen, beste buelta bat eta beste buelta ematen genuen... Ez zen bukatzen... Eta bat-batean esan zidan Txarlik: "Ondo zaude?"

Orduan nik ez nekien, begiratu nuen eta baietz esan nion, orduan atera ginen.

Baina hasieran ez genekien. Sekulako zartada eman genuen. Eta ez geneukan ezta minik ere.

Hasieran, nire buruari galdetzen nion "zergatik ez daukat minik hanketan?". Ziurtatu nintzen, ikusi nuen mugitzeko gai nintzela eta orduan bai, esan nion nire lagunari ondo nengoela.

Kolpearen ostean zein izan zen zure lehenengo pentsamendua?

Buuuuf. Ez dakit. Hegan gindoazela hainbat pentsamendu izan nituen. Baina gelditu ginenean, orduan bai, beldurra sartu zitzaidan gorputzean eta gainera trenbidetik igaro zen trena eta guk apurtutakoa zapaldu zuen. Berriro izutu ginen hor.

Ez dakit momentu horretan zer pentsatu nuen.

Hegan gindoazela bai, gogoratu nituen neskalaguna, ama, txakurra, kometa... denetarik pentsatu nuen.

Ospatu duzue berriro jaiotzea nolabait?

Oraindik ez dugu ospatu. Pare bat txupito hartu nuen larunbatean, baina nik uste hurrengo urteko azaroaren 7an itsaski-jana egingo dugula.

Hurbileko jendea txundituta geratu da, ezta?

Bai, harrituta, beldurtuta... neskalagunaren amarekin hitz egin nuen istripuaren ostean ongi nengoela adierazteko eta gero ETBn ikusi zituen irudiak eta berriro deitu ninduen ziurtatzeko.

Baina orokorrean ez dute sinisten. Argazkirik gabe ezinezkoa da azaltzea nolakoa izan zen istripua: nondik atera ginen, nora heldu ginen, zenbat buelta eman eta gauzak apurtu genituen...

Istripuaren ostean, zerbait egin nahi duzu bereziki?

Bai, hondartzara joan nahi dut. Gogo izugarriak dauzkat. Eta kometarekin hegan egiteko. Baina hankan mina dut eta hori konpondu arte ez naiz uretan sartuko.

Eta badakizue zergatik atera zineten errepidetik?

Guztiz ziur ez gaude. Baina olioa zegoen errepidean, egun asko euririk gabe eman eta gero euria egin zuen... Baina ziur ez dakigu.

Istripua izan genuenean behera begira nengoen eta pentsatzen "hemendik eroriz gero..." eta bat-batean autoaren muturra kontrolik gabe ikusi nuen, bi edo hiru auto aurrez aurre izan genituen eta pentsatu nuen: "ea ez diguten jotzen". Ez zuten gora aurka jo baina guk batzuk jo genituen.

Orduan hesiaren aurka jo genuen eta ez gintuen gelditu. Nik pentsatzen nuen gelditu behar gintuela... baina ez zuen egin. Orduan begiak itxi eta burua estali nuen.

Daukagun gogorrena da gorputzaren atalen bat ubelduta, ebaketa txiki bat eta autoa birrindu dugula.

Azkenean ez da hainbesterako izan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide