Carrefourren adierazpenak "zentzugabeak" dira, sindikatuen esanetan

Txabi Alvarado Bañares 2014ko aza. 6a, 09:32

Laudioko Carrefour Expressek igandeetan irekitzeak piztu duen polemikak aurrera darrai. Sindikatuek eta merkatarien elkarteek elkarretaratzea egin zuten, eta 500 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Saltokiaren jabeek esan dute langile bat bota beharko duela igandeetan ixten badute, baina sindikatuek hori “zentzugabekeria bat” dela adierazi dute.  

Eztabaida berri bat piztu da Laudion azken asteetan: saltokiek igandeetan irekitzearena. Gertaera zehatz batek sortu du polemika: uda partean Laudion ireki zen Carrefour Express asteko azken egunean irekita egoteak.

Laudioko Carrefour Expressek igandeetan irekitzeak piztu duen polemikak aurrera darrai. Sindikatuek eta merkatarien elkarteek elkarretaratzea egin zuten, eta 500 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Saltokiaren jabeek esan dute langile bat bota beharko duela igandeetan ixten badute, baina sindikatuek hori “zentzugabekeria bat” dela adierazi dute.  

Eztabaida berri bat piztu da Laudion azken asteetan: saltokiek igandeetan irekitzearena. Gertaera zehatz batek sortu du polemika: uda partean Laudion ireki zen Carrefour Express asteko azken egunean irekita egoteak. LAB sindikatuko kide den Agapito Vallek adierazi duenez, eskualdean halako jarrera hartzen duen lehen saltokia da. Carrefour supermerkatu katea frankizia bat da. Hala, supermerkatu kateak denda bakoitzaren jabearen esku uzten du igandeetan irekitzearen erabakia. Laudioko saltokiaren jabea Urduñakoaren jabea ere bada; baina Urduñako supermerkatuak ez du igandeetan irekitzen, sindikatuko kideek azaldu dutenez, ezta Amurrion dagoenak ere.

Hori dela eta, saltokiaren aurrean elkarretaratzea deitu zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek iragan astean. Aiaraldeko komertzioen elkarteek -APILL, APYMCA eta AEME- ekimenarekin bat egin zuten. APILLeko lehendakaria den Iñaki Vivancoren hitzetan, “saltokiek igandeetan ez irekitzeko zeukaten akordioaren gainetik egin du salto Carrefourrek”.

Hortaz gain, Vivancok jakinarazi du APILLetik bi gutun helarazi zizkiotela saltokiari, igandeetan ez irekitzea eskatuz. Sindikatuak ere kontaktuan jarri ziren jabearekin, baina aldeko jarrerarik jaso ez zutenez mobilizazioei ekin zioten.

Mobilizazioari erantzunez, igandeetan itxiz gero langile bat bota beharko luketeela esan zuten Laudioko Carrefourraren jabeek EL CORREOri eginiko adierazpenetan. Baina Vallek adierazi du hori “zentzugabekeria bat” dela. “Zer dute? Langile bat iganderako solik kontratatuta? Igandeetan irekitzeak komertzio txikien enplegua suntsitzen du”.

Saltoki jabeek salatu dute Carrefourren aurkako kanpaina bat dagoela. Baina sindikatuek baieztapen hori ere gezurtatu dute; “Amurrion eta Urduñan ere badaude, eta ez dute aurkakotasunik jaso”.

500 sinadura baino gehiago
Iragan astean eginiko elkarretaratzean sinadura bilketa jarri zuten abian, eta 500 herritar baino gehiagok sinatu zuten 3 ordutan. Protestak protesta, hurrengo igandean berriz ireki zuen saltokiak. Gauzak hala, ekimen gehiago prestatuko dituztela aurreratu dute sindikatuek. “Lantegi eta saltokietan sinadurak biltzen jarraituko dugu, eta lan plangintza bat prestatuko dugu”, azaldu du ELAko kide den Isabel Garciak.

Espainiako Gobernuak aurten ateratako lege berriak guztiz baimentzen du igande eta jai egunetan irekitzea. EAE mailako legeriak, aldiz, mugatu egiten du: 150 metro karratu baino gutxiago dituzten dendek nahibestetan ireki dezakete. Handiagoek, berriz, egun kopuru mugatu bat daukate.
Hala ere, denda gehienek ez dute igandetan irekitzen, ez irekitzeko “adostasun” bat dagoelako, sindikatuen esanetan. “Saltokietako langileek ere eskubidea daukate deskantsua hartzeko”, azaldu zuen UGTko kide den Carmen Auñionek elkarretaratzean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide