Beira fabrikatzaileak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazitakoaren arabera, 40,2 milioi euroko irabazi garbiarekin itxi zuen Vidralak iraila; hau da, % 1,5 gutxiago, 2013ko epealdi berberarekin alderatuta.
Enpresa laudiarrak, halere, aurreko egunotan sortutako arazo larriari egin behar dio aurre, ELAk salatu duen moduan. Izan ere, bulego nagusietan izandako bi kaleratzeen ondorioz, langileek egun bateko lanuztea egin zuten, zenbait egunetako protesten ondoren. Azpikontratazioei bide ematea izan da kaleratzeen helburua, eta alarma guztiak piztu dira.
Azkenean, Vidralak azpikontratatutako enpresan sartu zen kaleratutako emakumeetako bat. Vidralak hartutako bideaz kexu da ELA, “Orain arte, garbiketa, mantentze-lan eta abarretarako egiten ziren azpikontratazioak, baina zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin, beste arlo guztietara hedatuko dira. Langileek eurek gauzatzen zituzten lanen artean daude, besteak beste, konpainiako zuzendaritzako kideen bidaia eta bisitekin zerikusia dutenak”.
Zentzu horretan, Vidralarekin hitzarmena negoziatzerakoan, lan-baldintzak blindatzea lortzea espero du ELAk, baita lan-erreforma ez aplikatzea eta enpresak dena azpikontratatzeko egiten dituen ahaleginak geldiaraztea ere. Horixe bera hitzartu baitzen Aiala Ekoizpenarekin, alegia, botilak fabrikatzen dituzten langileekin.
Vidralaren datu ekonomikoek egoera egonkorra islatzen dute, nahiz eta ustiapen-emaitza garbia % 3,6 murriztu urtarrila eta iraila bitartean, 54,3 milioira arte. Guztizko salmentak, bestalde, 362,8 milioi eurokoak izan ziren, %1,6 baxuagoak. Zuzendaritzak azaldu zuenez, kontsumoaren beherakadari zor zaio hori. Haatik, mozkin ekonomikoak izaten jarraitzen du enpresak.
Aldi berean, fabrikatzaileak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari azaldu zionez, elikagaien eta edarien merkatu europarretan, ontzien eskariaren bilakaerak “neurriko egonkortasun-zantzuak erakusten ditu”.
Vidralak, berriz, 1,22 milioi euroko kapital-zabalkuntza iragarri zuen, 1,02 euroko balio nominaleko akzio arrunten bidez. Xedea bere akziodunei akzio berri bana esleitzea da, hogei akzio zaharreko.