Datorren azaroaren 6an, osteguna, Busmetraia Express izeneko autobus berezia helduko da Laudiora. Lamuza plazan kokatuko da, Institutuaren fatxadaren ondoan. Bi orduz, genero berdintasunarekin lotutako gaiak jorratzen dituzten film laburrak ikusteko aukera izango da autobus horren barruan.
Besteak beste, “Maldito lunes”, “Ojos que no ven” edo Esti Urresola laudiarraren “Audri” filmak eskainiko dira, emakumeek zuzendutako lanak izango dira gehienak. Jarraian filmen inguruan hausnarketa egiteko zineforuma ospatuko da. Zinezba elkarteko kideak izango dira bertan eztabaida gidatzeko. Zinearen bidez giza eskubideen inguruko heziketa eskaintzen duen taldea da Zinezba. 25 pertsona sartzen dira gehienez autobusean eta sarrera doainik izango da-
Autobusa Emakundeek antolatutako Berdintasunaren 11. Foruaren baitako ekimena da, Emakundeek udalen esku uzten du autobusa edukiz horni dezaten eta Laudioko Udalak zinez betetzea erabaki du, berdintasuna jorratzeko abiapuntua izan dadin.
Emakumea eta zinea zikloa
Busmetraia Express ez da izango berdintasuna eta zinea bilduko dituen ekimen bakarra, izan ere, Laudioko Berdintasuna Planaren baitako Emakumea eta Zinea zikloaren 8. emanaldia ere abian da. Ekimen honen baitan bost film eskainiko dira Lanbide Heziketako Udal Zentruan. Emanaldiak pasaden astean hasi ziren eta asteartero izango dira, 18:30etan. Azaroaren 4an, “81 amama” eskainiko da, amama eta biloben arteko harremanak jorratzen dituen filma. Izaro Gonzalez Leregi zuzendaria bertan egongo da. Azaroaren 11an, “Jaume y los chicos a la mesa” eta azaroaren 18an, ”Manzanas, Pollos y quimeras”. Bosgarren eta azken filma “La demora” izango da, azaroaren 25ean eskainiko da eta Solastiar emakume taldeak antolatutako zineforumarekin batera eskainiko da, kasu honetan 17:00etan hasiko da emanaldia eta jarraian berdintasunaren aldeko urteroko elkarretaratzea egingo da.
Emakume taldeen urteurrena ospatzeko kontzertua
Solastiar eta Avillo Laudioko emakume taldeak bere 20. urteurrena ospatzen ari dira aurten. Azaroaren 9rako kontzertu berezia antolatu dute, arratsaldeko 19:00etan izango da Laudioko Elizan. Andere Abesbatza, Urduñako Korua eta San Roke Musika banda batera arituko dira bertan.