Irailaren 19an aurkeztu zuen udal gobernu taldeak 2015erako ordenantza fiskalen proposamena. Bertan, zerga, tasa eta prezio publikoen izoztea babestu zuen. Gainera, 2012tik egin bezala, diru-sarrera txikienentzat egindako aldaketak mantentzen dira, hau da, hobariak eskaintzea.
Ondasun Higiezinen Gaineko zerga igoko ez den tasen artean kokatzen da. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak Foru Plana aldatu bitarte bere horretan mantenduko zela jakinarazi dute. Zentzu horretan, gobernu taldeak irabazi asmorik ez dagoela adierazi du, jasotako dirua autonomia finantzarioz zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko erabiltzen dela.
Diru-sarreren araberako tasak eta zatikako ordainketak bere horretan jarraituko dute, betiere abantaila biak epeen barruan eskatu behar direla gogoratuz.
Udaletik aipatutako datuen arabera, zatikako ordainketa 235 herritarrek eskatu zuten 2014rako. Diru-sarreren araberako OHZ, aldiz, 2012an 977 eta 2013an 723k eskatu zuten, %89a eta %93a onartu zirelarik, hurrenez hurren.
Gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko den proposamenak hiru fase igaro ditu. Aurrena, irailaren 19 aurkezpenekoa izan zen. Ondoren, urriaren 10ean talde politikoen ekarpenak jaso zituzten. Azkeneko fasea, eztabaidatutako aldaketak egin ondoren, proposamena bera onartzea izango da.