Igor Arzuagak artearen hedapenerako ekintza berritzailea proposatuko du asteburuan, hilak 25 eta 26an, bere etxean berton. Berak ekoiztutako margolan, musika eta poesia eskainiko ditu Arzuaga Gumuzio sendiaren etxea, Aretan, arte galeria eta kontzertu aretoa bihurtuz.
“Nire koadro batzuekin hasiko naiz” adierazi du Igorrek. “Espazio horren barruan musika eta poesia sartu nahi ditut. Aurrerantzean beste edozein gauza izan daiteke, zinema, hitzaldiak eta dena delakoa, orain adibidez argazkliari pila bat dago” azaldu dio Aiaraldea Komunikazio Lehioari.
“Udalak ezin ditu aukerak eman baliabiderik ez daudelako, orduan nik hor alternatiba gisa planteatu nahi dut nire proiektua” gaineratu du.
Borja Estankona eta Mara
Asteburuko plana proposatzen du Igorrek. Larunbatean Borja Estankonaren musika emanaldia lotu du arratsaldeko 20:00etarako eta igandean Mara, berak sortutako bakarlari musika ekimena, eskainiko du 18:00etan.
Horrez gain, margolanen erakusketa izango du zabalik egun bietan 10:00etatik 13:30era goizean eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez, larunbat zein igandean, Aretako Gasteiz kalea eta Bide zaharrak elkartzen diren zubi ondoan.