Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko ordezkariekin elkartuko da asteartean Gometegui enpresako langile batzordea. Erakundeak erakutsitako interesaren ondorioz izango dute hitzordua Gasteizen.
Nahiz eta pasa den astean Gometeguik jakinarazi zuen aurkeztutako lekualdatze espedientea bertan behera utziko zuela -horren harira 30 langile Poloniara joan eta ekoizpena hainbat lantegitan banatu behar zuten-, enpresaren etorkizuna ez dago batere argi langileen ustez.
Berez, asteazkenean bilera egin dute zuzendaritza eta langileen ordezkariek. Sindikatuek espero zuten erabaki drastikoa aurkeztuko zutela jabeek, baina momentuz bi aste gehiago hartuko dituzte haien proposamena zehazteko eta elementu guztiak aztertzeko.
Bien bitartean erabat baztertu dituzte langile batzordeak egindako iradokizunak; jabeek adierazi baitute bideraezinak direla. Hala ere, oraingoz langileek abian jarritako mobilizazioak eten egingo dituzte egoera argitu arte.