Atxilotu zutenetik bost hilabete igaro ondoren, Aitor Martinezen aurkako auzia bertan behera geratu da, epaileak ez duelako bere aurkako frogarik aurkitu.
Joan den apirilean Guardia Zibilak sarekada zabala egin zuen estatu osoan zehar, "Araña" izeneko operazioaren baitan, sare sozialetan "ETAren terrorismoa goratzea" egotzita. Hogeitabat izan ziren atxilotutako pertsonak, horietako hamabost Euskal Herrian, eta haien artean Aitor Martinez laudioarra.
Herritarren erantzuna berehalakoa izan zen, albistea berehala zabaldu zen sare sozialetan, sarekadaren izaera politikoa salatuz. Hainbat mobilizazio ere izan ziren atxilotutakoen herrietan.
Ikastera zihoala Bilboko Termibusean atxilotu zuten Martinez, handik Sansomendira -Gasteiz- eraman zuten, eta ordu batzuk igaro eta gero, aske utzi zuten egun berean, karguekin hala ere.
Epaiketa Entzutegi Nazionalaren esku egon arren, joan den irailean Amurrioko epaitegian deklaratzera deitu zuten, akusazioak zehaztu gabe egonik.