ANDER URKIJO (Laudio, 1990). Hiru hilabete igaro ditu Bolivian bertako nekazariekin elkarlanean. Esperientzia eta bizipenez beterik ekarri du maleta bueltan Aiaraldera.
Bolivian egon berri zara, zertan?
Eusko Jaurlaritzaren Gazte Aukera programarekin joan nintzen. Zure perfilaren arabera munduko zonalde batera bidaltzen zaituzte, kontzientzia lan moduko bat egiteko. Bolivian irrigazio programekin laguntzen egon naiz. Oso leku lehorrean aritu gara lan egiten. Familiek bertan ez zituzten oso plantaldi handiak, hektarea erdikoak izango ziren bataz beste. Horregatik, isurien emaria neurtzen genuen, ur-erreserbak sortzeko asmoarekin. Neurri horiek baliatuta nekazariak zulo bat egiten zuen, eta guk ur-erreserba sortzeko beharrezko hodi eta gainontzeko materialak eramaten genituen.
Behin ur-erreserba eginda, aspertsoreak baliatuta bere plantaldiak etengabe ureztatu zitzaketen nekazariek. Horrek patata, arto edo gari uzta bikoitza lortzeko aukera ematen die, eta baita ureztatze sistema hori baliatzen duten beste hainbat produktu landatzeko ere: papaia, guaiaba edo limoiak, esaterako.
Hortaz gain, behin bertan zeuden arazoak ikusita, hitzaldiak ematen genituen; erosioa ekiditeko zer egin irakasteko edo ekoizpen jasangarri bat nola kudeatu erakusteko, adibidez.
Generoarekin lotutako hitzaldiak ere eskaini dituzu, ez?
Lan egin dudan erakundean badago beste adar bat jendarte eta genero gaiez arduratzen dena. Nik maskulinitateari buruzko hitzaldi bat eskaini nuen, eta nirekin batera erakundeko emakume batek ere generoari buruzko hitzaldi eta tailer batzuk egin zituen, emakumeek komunitatean duten papera bultzatzeko.
Zenbat pertsona egon zarete Bolivian lanean?
Guztira sei pertsona joan gara. Niri Cochambara bidali zidaten. Bolivia ekialdean dagoen Santa Cruz hirira, berriz, bi neska joan ziren, eta moja batzuekin egon ziren ospitale psikiatriko batean. Hortaz gain, bi neska eta mutil bat joan ziren Amazonas aldean dagoen Beni departamentura. Musikariak dira, eta musika klaseak ematen aritu izan dira.
Eta ez zara Cochambatik mugitu?
Astean zehar Toro Toro-n egoten ginen, bertan lan egiten genuelako. 10.000 biztanleko herri bat da, baina oso handia da, herrixka eta komunitate askok osatzen dute. Herrixka horietako batetik bestera joateko agian bost orduko bidaia egin behar duzu.
Asteburutan, berriz, Cochabamban egoten nintzen, eta apur bat bidaiatzeko baliatzen nuen denbora. Baina astebururen batean bertan geratu behar izaten ginen, Nekazari Kongresua (bi urtetan behin egiten dena) ospatu zenean edota udalek urtean zehar egindako lana sozializatu eta nekazariek hurrengo urterako zituzten proiektuak planteatzen zituztenean, adibidez.
Demokrazia parte-hartzailea nahiko garatua ikusi du Bolivian, nekazari guneetan gutxienez. Komunitateak nahiko antolatuak daude eta euren buruak dituzte. Emakumeak ere paper garrantzitsu bat dauka, gizarte matxista bat den arren.
Nola ikusi duzu Boliviako egoera sozial eta politikoa?
Aurrerapen asko eman dira gobernu honekin, hori jende guztiak esaten dizun gauza bat da. Nazionalizazioen bidez Bolivia hidrokarburoen %13a kontrolatzetik %87a kontrolatzera pasa da. Horrela diru eta errekurtso asko lortu dituzte programa sozialak eta hezkuntza asko garatzeko. Eta hori nekazari eremutan nabaritu egiten da. Aitzinean Bolivian indigenak beti egon ziren baztertuak, ez ziren existitzen. Horregatik, haientzako gobernu hau “duintasunaren gobernua” izan da.
Eta ikusten da, astiro bada ere, aurrerapausoak ematen ari direla. Tambocasako komunitatean, adibidez, ur edangarria daramaten hodiak etxeetan sartzen hasi dira, eskolak ireki dituzte, anbulatorioak... eskolara doazen umeei 200 boliviar (bertako txanpona) ematen zaizkie urtean, beste nonbait lan egiten edo etxean geratu ez daitezen.
"Aurrerapen asko eman dira gobernu honekin, hori jende guztiak esaten dizun gauza bat da"
Santa Cruz bezalako hirietan oposizio apur bat dago. Batzuk diote ustelkeria ez dela ekidin edota gobernuan badaudela indigena batzuk bertan aritzeko haina gaitasunik ez dutenak. Halako kontuak ere entzuten dira.
Koka landarearen legalizazioa ere apur bat polemikoa izan da. Oposizioak dio horrek modu ilegalean kokaina egin eta esportatzea ahalbidetuko duela.
Bertan igaro dituzun hilabeteetan, zer eman dizu Boliviak? Eta zer kendu?
Munduko beste kultura batean murgiltzeko aukera eman dit, euren ohituretan eta naturarekiko harremanetan parte hartzeko aukera. Oso aberasgarria izan da hori. Lehen egunetik euren etxeko ateak irekitzen dizkizuten bihotz oneko pila bat pertsona ezagutzeko parada ere izan dut. Bertan egindako proiektua ere oso interesgarria izan da eta asko ikasteko aukera eman dit.
"Koka landarearen legalizazioa ere apur bat polemikoa izan da"
Itzultzeko asmoa daukazu?
Etorkizunean Hegoamerikara itzultzeko asmoa daukat, bai. Eta Cochambatik pasatuko naiz agian, jende asko daukat bertan agurtzeko.