Bihar elkartuko dira Laudioko udal gobernu taldeko ordezkariak eta Javier de Andres Arabako Ahaldun Nagusia Gasteizen. SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformarekin bilera egin ostean, Laudioko Udalak oharra kaleratu du hurrengoa azalduz: “Bi instituzioon arteko konpromiso zehatzak, akordio sendoak behar ditugu, auzokideen parte hartzea ahalbidetuz eta Lamuzako Parkearen erabilera sozio-kulturalak bermatuz.”
Hori dela eta, gaineratu du: “ez da nahikoa, Musika Etxearen hondamendi teknikoa ekidin asmoz, aurrekontuetan partida ekonomiko txiki bat aurreikusiko dela esatea. Aldundiak, benetan, Lamuzako Parkea zaharberritu nahiko balu, honakoa egin lezake: orain arte bete ez dituen konpromisoak berrartu, 2011n bertan behera utzi zuen 3 milioi € horien partida ekonomikoa berriro indarrean jarriz, beti ere Aldundiak berak sustatutako parkearen Babes eta Kontserbaziorako Plan Bereziaren baitan. “
Bilduk gogoratu du plataformak 4.212 sinadura aurkeztu dituela Foru Aldundian bere jarduera babestuz eta erakundearen berehalako esku hartzea eta konpromisoa eskatuz.
SOS Laudioko Lamuza Parkearen eskaera Javier de Andrés Ahaldunak ere sinatu du eta udalak espero du “hauteskunde-propaganda hutsa ez izatea”.