SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak 4.200 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu Arabako Foru Aldundian. Plataformak herritarren partaidetza aldarrikatu du Musika-Etxean gauzatu behar den proiektua erabakitzeko.
Aldundiak zenbait konponketa lanak abiatu behar dituela iragarri duenez SOS Laudioko Lamuza Parkeak pentsatu du une egokiena dela erakundeek herritarren iritzia jaso dezaten.
Javier de Andresekin bilera
Plataformak pasa den ostiralean utzi zituen sinadurak Foru Aldundian. Aurkeztu ondoren Javier de Andres ahaldun nagusiak beraiekin elkartu eta Aldundiak garatutako proiektua azaldu zien -eskalako Aldundia egitea eta solairu batean ekintza kulturalak antolatzeko oholtza jartzea-.
Antzeko bilera izango dute Arabako Foru Aldundia eta Laudioko Udalak ostegunean. Erakundeen arteko hitzordu horretan Javier de Andresek udal gobernu taldeari ere azalduko dio zein den bere proiektua.
Hori dela eta plataformak eta udalak bihar izango dute bilera, tokiko erakundeak SOS Laudioko Lamuza Parkearen iritzia jaso dezan.
Plataformaren aldarrikapena
Nahiz eta plataformak modu positiboan baloratu duen erakundeen interesa, gogoratu du Laudioko Udalak -alderdien guztien adostasunarekin- Kasinora diru-saila bideratu duen bitartean, Foru Aldundiak ez duela ezer zehaztu. Jose Luis Navarrok azpimarratu du: “Lehen ere bazegoen beste proiektu bat parkerako eta bertan behera geratu zen.”
Hori dela eta 4.200 pertsona baino gehiagoren atxikimendua lortu duen testuaren edukia berretsi du plataformak erakundeen aurrean, ondorioz, eskatu du Laudioko herritarrekin adostu dezatela parkearen erabilera eta bere etorkizuna. “Konpromiso bat exijitzen dugu, bermatzeko ez dela inposatuko Gasteizen, Foru Aldundian edo udalean egindako proiektua.”