Geraxane Ussia FC Barcelona atletismo taldearekin arituko da datorren denboraldian Zaragozako Simply-Scorpio taldea utzi ostean.
Bartzelonako kluba kirolari laudioarrarekin jarri zen harremanetan, Geraxanek hauek egindako eskaintza espero baino askoz hobea zela ikusita onartzea erabaki zuen.
Geraxanek aldaketa positibotzat jo du eta denboraldi honetan aurrekoan baino baldintza hobeak izatea espero du, oraindik klubarekin izango duen harremana zehaztu ez badiote ere.
Iazko udan diru-laguntza falta zela medio Geraxaneren etorkizuna ez zen batere ziurra. Hala ere aurrera jarraitzea erabaki eta, otsailean, pista estaliko Espainiako txapelketan 3. postua lortu zuen 400 metroko kategorian.
Uztailean postu berdina lortu zuen Alcobendasen ospatu zen Espainiako atletismo txapelketan, berriro ere bere marka pertsonala hautsiz. Marka horiekin, abuztuan, Zurichen ospatuko zen Europako atletismo txapelketan parte hartzea zen Geraxane Ussiaren helburua.
Espainiar federazioak ordea 4x400 kategoriara ordezkaririk ez bidaltzea erabaki eta Europako txapelketatik kanpo utzi zuten atleta laudioarra.