Laudioko Udalak, aurrekontuetan txertatutako obren inguruko informazioa eman du. Lanen egoeraz mintzatu da, bukatutakoak, hasi direnak, eta laster hasiko direnak. Horrekin batera, herritarren parte hartzea eskatu du, obra horien gehiengo handi bat jasotako ekarpenen ondorio baita.
Zumalakarregiko argien aldaketa
Aipatutako lehenengo obra, berriki bukatua, Zumalakarregiko iluminazio aldaketa izan da. 82.000 euroko aurrekontuarekin, 60.000ra heldu ez den gastua izanik, soberan dagoen dirua lan berdinera bideratuko dute, herriko txoko desberdinetara. Aurrena Pio XII izango da, APILLen eskakizuna betez. Argien aldaketarekin iluminazioa hobetzearekin batera gastua aurreko iluminazioak, 30 urte zahar zena, eragiten zuenaren erdira baino gutxiago murriztu da.
Parkearen hobekuntza
SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak 34.000 euroko inbertsioa eskatzen duen proposamena egin zion Udalari. Proposamen konkretuak diru hori Kasinoan inbertitzea eskatzen du. Kostua baloratu eta aurrekontuak eskatuko dituela adierazi du Udalak.
Ur edangarria Santa Luziara.
Santa Luzia da ur edangarria ez duen Laudioko auzo azkenetarikoa. Isusi eta Dubiris auzoetara eraman ondoren, 40.000 euroko partidarekin izango dute bertako bizilagunek ur edangarria. Obra bukatzear dago.
Santa Cruz ermita inguruko hobekuntzak
10.000 euroko aurrekontuarekin eta Gardeako bizilagunen parte-hartze aktiboarekin bukatzear daude bertako obrak. Hala ere, Udaletik jakinarazi denez etorkizunean bertan inbertitzeko beharra dago.
Iturralde inguruaren atondura
Behin garajea behera botata, hurrengo pausoa irisgarritasuna hobetzea izango da. Lehenak 30.000 euroko aurrekontuarekin, bigarrenak 2003an egindako proiektua eguneratzeko 20.000 euroko gastua aurreikusten du. Izan ere, garai hartan proposatutako egungo legeetara moldatu behar da. Zentzu horretan, obraren lehentasunak zehazteko auzokideekin bilerak egingo ditu Udalak.
Alberto Aceroko eremuaren atondura.
Pasa den astean erabiliko ez den gunearen itxitura jarri eta gero, erabiliko den espazioaren atondura lanak hasiko dira. Hartarako Udala enpresa desberdinekin kontaktuan dago. Gunean lorategia eta aisialdirako gunea jarriko dira, umeentzako parkeetako ohiko elementuekin.
Arraño Gaztelua inguruko konpontze lanak
20.000 euroko kostua izan du eta dagoeneko bukatutzat dute. Hala ere, haratago joateko beharra ikusten da, estalkiaren iragazgaiztea bermatuz.
Elorza Maisua, tunela eta Jose Matia
Diru inbertsio aldetik obrarik handiena. 1.500.000 euroko aurrekontuarekin, berehala hasiko dira obrak. ADIFek trenbidean obrak egin ditu trenen trafikoa beharrezkotasunaren arabera moldatzeko eta obraren arduraduna izango den enpresa egunotan gunean izan da prozesua zehazteko.
Aipatutakoez aparte, hiltegia atontzeko obrak, asfaltoa konpontzekoak, merkatua, zebra bideak, Arrañorako eskailerak, Barbarako bihurgunea edota eskola publikoetan egindako eta egiten ari diren inbertsioak aipatu ditu Udalak.