“Liburu bat aurkeztuko dugu Solastiarren 20. urteurrena dela eta”

Txabi Alvarado Bañares 2014ko urr. 14a, 18:59

MARÍA JESÚS ARETXEDERRA (Gordexola, 1943) Solastiar elkartearen lehendakaria da. Elkartearen 20. urteurrena dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen asteetan Solastiarreko kideek. 

20 urte bete ditu Solastiarrek. Horrenbeste urte irauteko helburuarekin sortu zen elkartea?

MARÍA JESÚS ARETXEDERRA (Gordexola, 1943) Solastiar elkartearen lehendakaria da. Elkartearen 20. urteurrena dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen asteetan Solastiarreko kideek. 

20 urte bete ditu Solastiarrek. Horrenbeste urte irauteko helburuarekin sortu zen elkartea?

Ni ez nintzen Solastiarren lehenbiziko sortzaileetako bat izan, 1998tik baitaramat elkartean. Baina imajinatzen dut sortzaileen helburua urte luzez irautea izango zela. Hala ospatu genituen 10. eta 15. urtemugak, eta aurten 20garrena ospatzea zegokigun. Nik bihotzean daramat elkartea, eta ilusio gehien egingo lidakeena ibilbidean aurrera, aurrera eta aurrera jarraitzea izango litzateke. Lan handia dakar halako elkarte bat aurrera eramateak, eta 112 bazkideen artetik Solastiarri bultzada bat emateko norbait gu ordezkatzea gustatuko litzaidake niri. Elkarteak 30, 40 edo gehiago betetzea gustatuko litzaidake.

Nola baloratzen duzue orain arte egindako ibilbidea?

Hori elkarteko bazkide guztiei galdetu beharko litzaieke, baina nik uste dut balorazioa ona dela. Gauza asko ikasi ditugu; hitzaldi, tailer, dantza eta abar ugari egin ditugulako eta egiten ditugulako. Irteera kulturalak egiten inguruko bazter guztiak bisitatu ditugula esango nuke.

Asko aldatu da emakumearen egoera azken 20 urte hauetan?

Aldaketak egon dira, bai. Jendartea hogei urtetan asko aldatu dela uste dut, eta emakumeen egoera ere aldatu egin da. Emakumeen mugimenduak Laudion Kultura Herrikoiko Zentroen baitan sortu zen. Judit Uriarte izan zen horien sortzailea, bera izan zen emakumeak etxetik ateratzearen alde gehien lan egin zuena. Garai haietan emakumeak etxearen, semeen eta senarraren zaintzan aritzen ginen. 70-80. hamarkadetan ezkontzen ziren emakumeak lana utzi behar izaten zuten etxean lan egitera pasatzeko. Gaur egun emakume ia gehienek euren lanbidea eta etxeko lanak, biak egin behar izaten dituzte. Hala, Kultura Herrikoiko Zentroak emakumeak elkar harremana sustatzeko balio izan zuten. Gainera, garai haietan Espainiako hainbat herrietatik pertsona asko bertaratu ziren hemen lan egitera, eta hona etorritako emakumeekin biltzeko ere balio izan zuten zentro haiek.

Urteurrena ospatzeko hainbat ekimen prestatu dituzue, zer helbururekin?

Hainbat motatako hitzaldi eta tailerrak prestatu ditugu. Gure garaiko emakume askok ez dute ikasketak egiteko aukerarik izan, eta ekintza horiekin horri erremedioa jartzea da helburua. Dena den, orain emakumeek ohitura gehiago daukate lagunekin kalera irteteko. Ohitura hori dela eta agian ez da gaur egun horrenbeste emakume hurbiltzen elkartera. Jende gazte gehiago bertaratzea gustatuko litzaiguke, jende gazteak ekarpen berri asko egin ditzakeelako, guk jada egin ezin ditzakegunak.

Errelebo eza dago?

Bai. Baina hor gabiltza, errelebo baten bila. Azaroaren bukaeran elkartearen juntaren berriztapena daukagu (bi urtean behin egiten duguna). Ea zer gertatzen den.

Liburu bat ere aurkeztuko duzue, ez?

Bai, liburu txiki bat egin dugu, horrela deitu badaiteke. Solastiarren egin ditugun ekintza batzuen argazkiak biltzen ditu liburuak, eta elkartearen historiaren parte bat kontatzen du. Parte txiki bat, bestela oso liburu oso handia izango zelako. Urriaren 24an 10:30etan egingo dugu liburuaren aurkezpena, Laudioko Udaletxeko Erabilera Anitzeko Aretoan.  

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide