JOSEBA ARROITA (Caracas, 1949) administrazio publikoaren langilea izan da eta hizkuntza-eskakizunen inguruko hitzaldia eskaini du Laudion Omniak gonbidaturik.
Hizkuntza-eskakizunen inguruan hitzaldia emango duzu. Zer jorratuko duzu zehazki?
Udaletxeetan nola hasi ziren, hori da nire arloa. Gauzak nola joan diren azalduko dugu, hizkuntza-eskakizunak zentzu txarrean erabili baitira leku batzuetan.
Ni ez nago euskararen kontra, baina hizkuntza-eskakizunekin gaiztakeriak egiteko erabili dira askotan. Lan asko dago egiteko. Hizkuntza-eskakizunen bilakaera azalduko dut, nola sortu ziren eta egun nola erabiltzen diren.
Zergatik diozu erabilera txarra egin dela?
Lan postu batzuk zarratzeko batzuen alde eta beste batzuen kontra erabiltzen delako. Udaletxeko idazkarien postuak kanpotarrei itxi zaizkie leku batzuetan, konfiantzazko pertsonengan utzi. Nire esperientziaren arabera, Foru Aldundian 30 urte eman ditut. Hizkuntza-eskakizunen erabileraren inguruan idazki bat aurkeztu nuen.
Euskararen presentzia administrazioan nola berma liteke?
Hizkuntza-eskakizunak diren moduan jarriz, leku aproposenetan. Hizkuntza-eskakizunak oso azkar sartzen hasi ziren, eta garai horretan ez zegoen karrera oso bat euskaraz egiteko aukerarik. D ereduaren hasi-hasieran egin ziren.
Gauzak oso arin joan ziren eta udaletxeetan zurrunbiloa eragin zuen, hizkuntza-eskakizunik gabe ezin zelako postua bermatu. Orain gauzak asko aldatu dira, batxilergoko gehienek D ereduan ikasten dute. Beraz, hemendik aurrera, udaletxeetan postu bat lortzeko euskararen hizkuntza-eskakizuna exiji liteke. Jendaurrean lan egiten baduzu ulergarria da gutxienez hirugarren hizkuntza-eskakizuna behar izatea.
Hizkuntza-eskakizun oztopo bat al da?
Kasu batzuetan bai. Nire garaian ez zegoen aukerarik batxilergo ezta unibertsitatean euskaraz ikasteko. Niri Foru Aldundian laugarren perfila eskatu zidaten.
Hemendik aurrera exijentzia gogortzea zilegi da, baina gauzak azkarregi egin ziren. Ni ez nago euskararen kontra, baina hizkuntza-eskakizunen erabileran kritikak egiteko badaude arrazoiak.
Erabilera politiko hori non ikusi liteke, adibidez?
Esate baterako idazkarietan. Askok oposaketak hemen egiten zituzten, hemengo jendea zen, baina batzuk ez zekiten euskaraz.
Haien lanpostuak udaletxeetan laugarren perfilarekin zarratu dira, langile hauek euskara ikasteko aukerarik ere ez zutenean. Idazkarien lanpostuetan behin-behinekoz jende asko egon da euskaraz jakin gabe.