Berbalagun programa orain dela 8 urte jarri zen abian. Gaur egun 10 talde biltzen dira Laudion; eta dagoeneko 50 baino gehiago dira talde hauetan parte hartzen duten berbalagunak. Batzuk tabernaren epeltasunean elkartzen dira asteroko hitzorduan, baina badira ere bestelako taldeak, sukaldaritza eta erlaxazioa praktikatzeko elkartzen direnak, esate baterako. Azken hauek hilean behin biltzen dira.
Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea. Baina euskaraz praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu eta euskararen munduan murgiltzeko aukera izango du izena ematen duenak. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea.
Egitasmoa hazten doan neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz joan dira mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik argiena Gurasolagun da. Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza harremanetan eragitea. Ekimen honen xede nagusia guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da; plazan, parkean, txangoetan... Horretarako guraso eta umeekin berbataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.
Izena eman nahi dutenek Laudioko AEK euskalteagian, Udal Euskaltegian edo udaleko euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (6076737744) edo e-mailez (aiaraldea@aek.org) ere. Informazio gehiagorako blog-a eta facebook ere badaude.
Udaleko Euskara Arloak "bularretik mintzora" ekimena abiatu du. Diseinuaz, programaren garapenaz eta goi-zuzendaritzaz Donostiako GALTZAGORRI elkartea arduratuko da. Helburua herriko gazteenengan irakurketa ohiturak sustatzea da, haur txikiei zuzenduta dagoen programa da, baina era berean guraso eta haien hezitzaileen inplikazio bilatzen du. Egitasmoak emozioen mundua kilikatzen duten egitura literario, kanta, jolasak, poesiak eta ipuinak lantzen ditu haurrekin eta ingurune naturalean garatzen da: etxean, eskolan, liburutegian....
Iaz “Irakurketa kluba” abian jarri zen Udal liburutegian eta aurten ere, urrian, azaroan eta abenduan zehar garatuko da; urriaren 7an, azaroaren 4an eta abenduaren 2an, hain zuzen ere. Ekintza honetan 6 eta 8 urte bitarteko umeek parte har dezakete, dohainik da eta plazak mugatuak dira. Izena emateko Laudio Udaleko Euskara Zerbitzura jo daiteke.