Aste batzuk dira zenbati herritarrek Laudioko Goikoplaza auzunean dagoen "Etxebarria" baserria kopondu eta txukuntzeko eskaera plazaratu zutenetik. Sinadura bilketa baten bitartez Udaletxeari eskatzen diote 400 urtetako eraikin honen balio artistikoa eta ondarezkoa babestu eta sustatzeko.
2009ko urtarrilaren 26ko osoko bilkuran, Eusko jaurlaritzaren gomendioari jarraituz , "iraunarazi beharreko elementuen katalogoan" sartzea erabaki zuen Laudioko udalak, bai eta monumentu bezala aitortua izan zedin eskatutzea ere. Gaur gaurkoz, baserri honen egoera zinez tamalgarria da.
Gai hau izpide hartuta, atzoko berria egunkariko edizioan Mariasun Laresgotiren gutun bat topatu genuen bertan, lerroarte honetara dakarguna:
"Laudioko Goikoplazako Etxebarria" baserria;
Etxabarria du izena, nahiz eta bere planta ederra abandonaturik daraman denborak eta iraileko suteak guztiz aldatu duten .
2009ko irailean erre zuten, 1575. urtean gazte itxuraz agertzen zen jauregi hori. Martin de Olaeta eta Maria Perez de Gastakak izendatu zuten beraien Maiorazkoaren Etxe Nagusia. Ordutik hona, ondoan dituen errotekin batera iraun du urte hauek guztiak. Alfred Baeschlin arkitekto suitzarrak joan den mendearen hasieran aipatu zuen etxe hori La arquitectura del caserío vasco liburuan, eta Arabako baserri-etxe eredu gisa hartu zuen.
Etxe horrek dituen berezitasunen artean, badira fatxada nagusian ikus daitezkeen hegalkinak, erdikoa alboetakoak baino altuagoa, etxeak duen egongela handiari liraintasuna emateko. Hegalkinei eusten dien habeak landuak, dekoratuak eta ezberdinak dira. Hormaren erdian Anunzibai eta Olaeta familiaren armarria ikus daiteke; garai batean margotuta egon zen, eta oraindik kolore arrastoak ikus daitezke. Fatxadan, armarriaz gain, margolanak daude. Irudi horietako gehienak XVI. mendean egin ziren. Teilatupean eta hegalkinen azpian daude. Zirkuluak, erronboak, kordelak marrazki geometrikoak eta aurpegiak dira. Badira, puntale barruko aldean, aurpegi gehiago animalia gorputzekin. Beheko aldean, atari handi bat dago, egongelaren azpian, eta erdian, harrizko zutabea dago. 1760. urtean, Cattalina de Zabalak etxearen jabegoa hartu zuenean, aipatzen dira bere gelak: egongela nagusi bat, bere alboetan, bi logela eta bi sukalde. Eta horietan zeuden altzari eta beste objektu asko zerrendatzen dira. Bitxikeria hauek ere bazeuden: brokel eta lantzak, Begoñako Andra Mari bat eta haize-orratz bat bere oilar eta guzti.
Laurehun urte iraun du Etxabarriak Goikoplaza auzoan, eta Laudioko historia eta bizimoduaren dokumentu potolo bat bihurtu da. Udal Batzarrak, 2009ko urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuran, erabaki zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren gomendioari jarraituz, iraunarazi beharreko elementuen katalogoan sartuta geratuko zela eta proposatuko zela monumentu legez aitortua izateko. Eta hor egingo ziren lanak zaharberritze zientifikoaren irizpideei jarraituz egingo zirela.
Etxea erortzea eragotzi behar da; horregatik eskatzen diot gure alkateari egin behar dituen kudeaketak egin eta beharrezkoak diren erabakiak har ditzan, laudiar guztion ondare den Etxabarriaz laster goza dezagun.
Mariasun Laresgoiti.