Udalaren euskara planaren baitako ekimenak dira biak eta 2010. urtetik gauzatzen dira. Euskara gazteen artean bultzatzea dute helburu, hizkuntza ikastetxeetatik kanpo erabili eta indartzea.
“Oxigenoa euskarari” ekimena Laudioko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Hilero irteera bat proposatzen zaie, mendi ibilaldia izan ohi da eta batzuetan ikastaroa ere hartzen du barne: eskalada, mendian orientatzea… Irteeren prezioa 15 eta 50 euro artekoa izango da, iraupenaren arabera.
Laudion dauden Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxeentzat -Institutua, Ikastola, La Milagrosa- ikasleek izena eman dezakete eta beraz parte-hartzaileen arteko harreman berriak ere sustatzen dira. Izena ematea ikastetxeetan edo Udalaren Euskara Sailean egin daiteke.
Datorren irailaren 24an, gurasoei zuzendutako ekimenaren aurkezpen irekia egingo da. Arratsaldeko 19:00etan izango da Herriko Plazaren erabilera anitzeko gelan.
Lehenengo hitzordua: Zumaia eta Debako kostaldetik ibilaldia
Irailaren 27an izango da “Oxigenoa euskarari” ekimenaren lehenengo irteera. Zumaia eta Debako kostalde ederretik ibilaldia egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek.
Bertso eskola: jolastuz hizkuntza gaitasuna hobetu
Bertso eskola ekimena ere 2010etan abiatu zen. Azken urteetan bezala, bi talde antolatuko dira, 16 urte gorakoentzat bata eta 8 eta 16 urte bitartekoentzat bestea. Azken talde hori asteartero bilduko da, Kultura Etxean, 17:30etatik 18:30etara. Nagusien taldean, berriz, haien kontura erabakiko dute ordutegia.
Bertso eskolaren inguruan argibide gehiago nahi duenak datorren irailaren 29an egingo den aurkezpen irekira joateko aukera du, Herriko Plazako erabilera anitzeko gelan izango da 17:30etan. Doako ekimena da Bertso eskola.