NEREA RUIZ (Laudio, 1998) Athletic-eko jokalaria da eta hori gutxi balitz Euskal Selekziokoa. Pasa den astean Espainiar Selekzioak hautatutako kirolarien artean egon zen Europar Txapelketa prestatzeko sub-17 kategorian.
Espainiar selekzioarekin entrenatzen egon zara, zenbat egunez?
Astelehenetik hasita asteazkena heldu arte egon ginen, hegazkina astelehen goizean hartu genuen 12:00ak aldera eta guztira lau saio egin genituen egun horietan. Tartean gure arteko partidutxo bat ere jokatu genuen.
Lehenbiziko eguna gure artean hobeto ezagutzeko bideratu genuen eta asteartea baino lehen ez genuen baloia hartu.
Goizean posesioa lantzeko saioa egin genuen eta arratsaldekoa suabeagoa izan zen atseden hartzeko eta jaurtiketak zein rondoak trebatzeko eta azkenik asteazkenean, esan bezala, geure arteko norgehiagoka txiki bat egin genuen.
Nola baloratzen duzu bertan egon izanaren esperientzia?
Oso ona, gehienak gure artean ezagutzen ginen jada eta horrek asko errazten du hiru egun horietako bizikidetza.
Presioarekin bizi al duzu egoera?
Ez, alderantziz, oso lasai bizi izan ditut egun hauek, horrela hartu behar da eta.
16 urte azpiko selekzioak ez zuen orain arte txapelketa ofizialik jokatzen baina aurten nazioartean jokatuko duzue, lehendabiziko aldiz.
Bai, hala da, apirilean jokatuko dugu lehenengo fasea, izan ere, iaz 17 urte azpiko taldeak bigarren postua erdietsi zuen zuen mundialean eta horrek automatikoki jokatzeko aukera eman zigun guri. Lortuz gero, azken fasea ekaina aldera jokatu beharko genuke.
Zer nolako ikuspegia daukazu zure parte-hartzeari begira?
Nahiago dut pausoz pauso joatea eta oraina gozatzea, ez dut Europako txapelketan gehiegi pentsatu nahi momentuz. Aukera helduko balitz nire esku dagoen guztia egingo nuke baina beste gauza baino disfrutatzera joango nintzateke.
Espainiar selekzioarekin jokatzera heldu baino lehen ibilbide luzea burutu duzu jada Laudion, Gasteizen eta baita Athletic-en. Nolakoa izan da bide hau?
Hasieran Laudion aritu nintzen bi urtez eta jarraian beste denboraldi pare bat eman nituen Gasteizen Euskadi mailan jokatzen. Azkenik Athletic-en jokatzeko aukera azaldu zitzaidan eta oso pozik bizi dut nire oraingo egoera.
Zeintzuk dira Nerea Ruiz-en ezaugarriak jokalari bezala?
Nahiz eta hasieran aurrean jokatu nuen denborarekin nire postua aldatzen joan naiz eta aurten defentsari begira jokatu dut bereziki, ilunpean akaso. Ez nuke esango ezaugarri bereizgarri garbiren bat daukadanik ez bainaiz zelaiko altuena ez arinena, baina langileena izaten saiatzen naiz beti.
Zer nolakoa da Athletic-eko giroa?
Normalean astean lau egunez entrenatzen dugu bi orduz 17:00etatik 19:00ak arte eta igandeetan partiduak jokatzen ditugu, hau da, ia eguneroko ardura da taldearena.
Sekulako bilakera izan duzu jokalari gisa, 17 urterekin bigarren mailan jokatzeak hala adierazten du.
Athletic-en bigarren taldea, nirea, alegia, harrobi lana burutzeko lekua da, helburu nagusia jokalariak trebatzea da eta lehenengo taldera iristeko xedearekin aritzen gara bertan. Taldearen fitxaketa politikak gazteongan beste klubetan baino gehiago zentratzera bultzatzen du, agian.
Bigarren mailan zeure adineko jokalarien artean lehiatzen al zarete soilik ala nagusiagoekin ere topatzen zarete?
Taldean 15 eta 21 urte arteko jokalariak gaude, adin horretan lehenengo taldera igotzea baita ohikoena futbolean aritzeko trebea izanez gero. Gainontzeko taldeak normalean askoz zurrunagoak dira eta adin aldetik nagusiagoak, bestelako helburuekin, eta hori futbol zelaian nabaritzen da.
Euskal Selekzioarekin ere aritu al zara?
Bai, orain dela bi urte Valentzia eta Zamoran jokatu nuen taldearekin baina tamalez ez ginen azken fasera iritsi. Iaz ere deialdian sartu nintzen eta Bartzelonara joan nintzen taldearekin baina ostean mina hartu nuen eta ezin izan nuen hurrengo fasean parte hartu. Edozein kasutan oso bestelako esperientzia izan zen niretzat, plus bat dauka bertan jokatzeak.
Nola ikusten duzu zure burua epe motzean?
Patxadaz hartzen saiatzen nahiz egunean egunekoa bizi eta gozatuz. Ez daukat presarik pausu erraldoirik emateko ezta gelditzeko asmorik.
Baldintzatzen du zure bizitza Athletic-en bigarren taldean jokatzeak?
Astean zehar ezin naiteke atera, futbola eta ikasketei zuzentzen baitiet nire denbora gehiena eta larunbatetan ere orduarekin arretaz jokatu behar dut igandeak partidu eguna direlako eta atsedena hartzea guztiz ezinbestekoa da. Janariarekin ez dago arazo handirik, taldeko nutrizionistek zaintzen baitigute.
Taldeak bestelako baldintzarik ipintzen al dizue?
Janari egokia, atsedena, ikasketak zaintzea eta jarreraz aparte ezetz esango nuke.
Zer nolako bitartekoak topatzen dituzu taldean aritzeko? Entrenamenduetara edo partiduetara joateko, adibidez.
Lezamara joateko Athletic-ek berak jartzen digu busa eta beraz antolakuntza aldetik ongi prestatua dago, nahiz eta bidetik jokalari asko hartu eta utzi behar dituen eta horrek ibilbidea apur bat luzatzen duen.
Nolakoa da lehen taldearekin duzuen harremana?
Ez ditugu gehiegi ezagutzen baina logikoa denez askotan gurutzatu egiten ditugu eta beti agurtzen gaituzte arazo barik beraz harremana ona dela esango nuke.
Zer suposatzen du zuretzat, Nerea, Athletic-en jokatzeak?
Amets bat da, txiki-txikitatik izandakoa eta egunero aprobetxatu eta gozatzen saiatzen naizena. Bai jantzita daramadan arropa, Lezamako instalazioak edota San Mamesera joateko aukerak handiak dira.
Nola hartzen dute zure inguruko lagunek eta kideek zure futbolari karrera?
Laudion baloi batekin jokatzen hasi zen pertsona bera naiz eta orduan hain txarra ez banintzen ez naiz hain ona orain ere. Kide normaltzat hartzen naute guztiek, inork ez du arraroa ikusten nire bizimodua. Nire familiak gainera askotan galdetzen dit ia zer moduz joan zaidan entrenamendua edo partidua eta interes hori asko eskertzen diet.