“Urduriago egon naiz antzezlan txiki batean Cirque du Soleil ikuskizun erraldoian baino”

Txabi Alvarado Bañares 2014ko ira. 11a, 07:31

Sei urterekin Urduñako mojen ikastetxean zegoela animalia hezitzailearen rola jokatzetik Cirque du Soleil-en parte hartzera. Ibilbide luzea egin du PABLO IBARLUZEAk (Laudio, 1980) antzerkigintzan, aktore zein zuzendari moduan.

Zer moduzkoa izaten ari da Circo del sol-ekin izaten ari zaren esperientzia?

Sei urterekin Urduñako mojen ikastetxean zegoela animalia hezitzailearen rola jokatzetik Cirque du Soleil-en parte hartzera. Ibilbide luzea egin du PABLO IBARLUZEAk (Laudio, 1980) antzerkigintzan, aktore zein zuzendari moduan.

Zer moduzkoa izaten ari da Circo del sol-ekin izaten ari zaren esperientzia?

Oso esperientzia aberasgarria da. Bi gauza azpimarratuko nituzke. Lehena, pertsona kopuru oso handientzat antzeztearen aukera izan dudala; 4000-5000 pertsonen aurrean aritzea ez baita oso ohikoa antzerki aktore batentzat. Hortaz gain, eszenatokiaren atzetik dagoen guztia azpimarraturiko nuke: bere ekoizpen guztia ordena oso zorrotz batekin kontrolatu behar duen enpresa handi batentzat lan egitea.

Egia da baita bertan nire lan egiteko modua bota dudala faltan: askoz modu hurbilagoa, formatu txikikoa; ikusleari begietara begiratzekoa. Baina oso interesgarria izan da formatu handi horretan lan egitea.

Eta etorkizun hurbil bati begira dituzun proiektuek zure lan egiteko modu horri erantzuten diote?

Bai. Badut proiektu bat zeinetan aktore moduan parte hartuko dudan. Arriagan estreinatuko da, baina taularatzea publikoarekiko nahiko gertukoa izango da. Gogoak ditut formatu horretara itzultzeko. Gainera, hainbat lan zuzentzea dut aurreikusia. Euskal Herri mailan irakasle eta zuzendari moduan bainabil gehienbat. Hortaz gain, hilabete sabatiko batzuk hartzeko asmoa daukat, euskara ikasteko barnetegi batean egoteko. Hori da nire proiektu nagusia oraintxe.

YINdeYAN antzerki laborategiaren egitasmoa ere hor duzu...

Circo del sol-en eta beste ikastaro batean aritu naizenez aurten laborategia nolabait konprimitu behar izan du, 6 asteko intentsibo batetik 3 asteko are laborategi intentsibo batera pasatuaz. Zortzi ordu egunean, astelehenetik larunbatera. Aurtengoa laborategia Bilbon egingo den lehenbiziko aldia izango da. Laborategiaren aurreko sei edizioak Laudion egin ditut, baina Bilbon probatzearen beharra ikusten dut, bertan horrelako laborategientzako azpiegitura interesgarriak daudelako. Datorren igandean (irailak 14) parte hartzaileei harrera egiten egongo naiz. 7. edizioa izango da, eta Mexiko, Argentina, Ingalaterra, Italia, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko jendea bertaratuko da.

Beharrezkoa da nazioartean mugitzea antzerkitik bizi ahal izateko?

Nire kasuan nazioartean aritzea hautu pertsonala izan da profesionala baino. Paris eta Bartzelonan ikasi dut. Horregatik agian errazagoa izan dut nazioarteko zirkuitu batean sartzeko, zirkuitu lokal batean baino. Aukera ezberdinak eskaintzen dituzten zirkuituak direla uste dut nik. Nire ikastaroetako batzuetara Australiatik jende gehiago gerturatzen da Donostitik baino. Baina nazioarteko zirkuitua herri txiki bat bilakatzen da baita. Nazioarteko jaialdietara goazenean elkar ezagutzen gara, antzeko ibilbideak izan ditugulako.

Ni oso pozik nago zirkuitu horretan aritzeko aukera izateagatik. Maila altuko formazioa jasotzeko aukera izan dut horrela, eta begirada zabaltzeko aukera ere eman dit; beste 20 herrialdeetako kideekin aritzeak asko aberasten duelako jasotzen duzun formazioa. Eta hori da YINdeYAN-ekin Euskal Herrira ekartzen saiatzen naizena.

Badu lekurik antzerkiak Laudion?

Aurten YINdeYAN laborategia Laudotik Bilbora mugitu izana nire iritziaren adierazle nagusi bat da. Kanpoan egon naizen urte hauetan uste dut Laudiok herrigintza alorrean asko garatu dela. Uste dut badagoela tokiko mugimendu bat herria kulturalki eta sozialki berpiztea helburu duena. Baina Udala herriak eskatzen duenetik oso urrun dagoelakoan nago.

Antzerki zuzendari moduan aritu zara, baina beti beste egile batzuen testuekin. Ez zara zure istorio propioak idaztera animatzen?

Nik ez dut nire burua ohiko egiletzat hartzen. Ez naiz entseguetara idatzizko testu batekin bertaratzen. Ideia bat eramaten dut nik, eta gero aktoreen bidez idazten da istorioa edo gidoia. Duela hiru urte inguru lan bat aurkeztu nuen talde euskaldun batekin, Sialuk hartz txikiaren bidaia izenekoa. Oraindik ere emanaldiak eskaintzen dira. Hainbat antzerki mota uztartzen ditu lanak, baina proiektua ideia sinple batetik garatu zen: adopzioaren inguruan hitz egitea, hartz polar batek adoptatzen duen hartz arre baten istorioa kontatuta. Ideia horrekin hasi ginen lanean, eta aktoreen inprobisazioak baliatuta sortu zen istorioa.

Zein izan zen zure lehen papera?

Lehen-lehen lehena izan zena oso ondo gogoratzen dut, aktore bilakatzera bultzatu zidana izan zelakoan bainago. Sei urte inguru izango nituen eta Urduñako monjetan nengoen ikasten. Gabonetarako antzerki obra bat zen, Zoologiko bati buruzkoa, eta animali hezlearen papera zegoen. Ni printzipioz ez nuen antzerkian parte hartuko, baina paper hori egin behar zuen mutikoa gaixo jarri zen emanaldia izan baino bi egun lehenago. Orduan klasean galdetu zuten ea norbaitek mutiko gaixoa ordezkatu nahi zuen eta nik, ez dakit zergatik, nire burua aurkeztu nuen. Hurrengo goizeko harrotasuna oroitzen dut, gau bakar batean animali hezleari zegokion testu guztia ikasi nuela erakutsi nionean irakasleari. Nire gela barruan egon nintzen sartuta, testua ikasten. Hiru lerro baino ez ziren izango, baina garai hartan niretzat hura ikastea On Kixotea ikastea bezalakoa izango zen. Antzezlana ere oso ondo atera zela oroitzen dut.

Animali hezletik Circo del Solera...

Urteak aurrera joan ahala antzezpen txiki gehiago egiten joan nintzen. Lamuzako ikastetxean nebilenean ere aukera zegoen guztietan animatzen nintzen halakoak egitera, baina inolako anbiziorik gabe. Ez nuen aktore izatea nahitaezko amets, dibertitzea baizik.

Erabakia geroago etorri zen, 20 urte nituela. Bartzelonan Telekomunikazio Ingeniaritza ikasten nenbilen eta hura nire bizitzan nahi nuenaren kontrakoa zela ohartu nintzen. Orduan, nire buruari galdetu nion zer zen nahi nuena, eta hor agertu ziren artea eta, zehazki, antzerkia.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide