“Ikeako armairu bat muntatzeko ez da asko ikasi behar. Benetako altzari bat egitea da zailena”

Txabi Alvarado Bañares 2014ko ira. 8a, 10:02

FIDEL LARGATXAk (Barakaldo, 1959) urteak daramatza eskulangintzaren munduan. Hainbat material lantzen dakien arren, egurra du gogokoen. Artista baino artisaua dela dio, eta badaki Ikeako altzariak muntatzen. 

Kailu asko izan behar dira egurra lantzeko?

Eskuetan bai, ez dago eskulanik kailurik gabe. Zeramika mundua, akaso. Kailu asko, baina ez pentsa ohiko lekuetan ateratzen direnik. Nire kailu handiena eskumuturrean dago, zizelarekin aritzerakoan egurrarekin kontaktuan dagoen zatia hori delako.

FIDEL LARGATXAk (Barakaldo, 1959) urteak daramatza eskulangintzaren munduan. Hainbat material lantzen dakien arren, egurra du gogokoen. Artista baino artisaua dela dio, eta badaki Ikeako altzariak muntatzen. 

Kailu asko izan behar dira egurra lantzeko?

Eskuetan bai, ez dago eskulanik kailurik gabe. Zeramika mundua, akaso. Kailu asko, baina ez pentsa ohiko lekuetan ateratzen direnik. Nire kailu handiena eskumuturrean dago, zizelarekin aritzerakoan egurrarekin kontaktuan dagoen zatia hori delako.

Zergatik egurra?

Betidanik ikusi dudalako etxean, baserrian, zer edo zer egiteko. Tresnak konpontzeko, kirtenak egiteko... beti mugitu nahiz egurraren munduan. Nire aitona arotza zen.

Zer da Fidel Largatxa, artista edo artisaua?

Artisaua. Artista hitza ez dakit ondo zer esan nahi duen. Artista edozein izan daiteke. Ni artisaua kontsideratzen nahiz eskuz lantzen dudalako eta aitzinako moduan egiten dudalako. Baina egiteko moduan munduko pertsona guztiek dute artista bat euren barnean, nahiz eta gehienetan ez jakin barnean dugula. Batzuk artista dira txisteak kontatzeko, marmitako bat prestatzeko beste batzuk... eta sortzen dena artea edo artisautza den jakitea oso zaila da. Norbaitek zerbait egitean daukan trebetasuna, horretan datza artista hitza.

Egurra lantzeaz gain, beste zertan zara artista?

Zeramika munduan ibili naiz, pinturan ere... beste gauza batzuetan ere saiatu nahiz, baina ez naiz batere gai. Azken finean, artisautzak denbora asko jaten dizu. Ezin duzu besarkada luze bat eman arte munduan edo artisautza munduan, bata ala bestea hautatu behar duzu. Eta nik egurra hautatu nuen.

Zein da inoiz jaso duzun enkargurik bitxi edo bereziena?

Sehaska jaioberrientzako eta oroitarria hildakoentzako. Behin kutxa bat enkargatu zidaten lagun baten aitaren hezurrak barruan sartzeko.

Nondik eskuratzen duzu egurra?

Naturaren zikloak errespetatzen saiatzen naiz. Gehien gogoko dudana egurra berreskuratzea eta birziklatzea da. Oso gutxitan aritu naiz egurra mozten, gehienetan jada botata edo moztua dagoen egurra hartzen du, baina egur ona izan behar da, eh!

Tirita asko jarri behar izan dituzu zure bizitzan zehar?

Nire esku hauetan ez da egon zentimetro karraturik zauririk izan ez duenik. Baina oso ondo sendatzen zaizkit, ez didazu zauri edo ubeldurarik ikusiko.

Azoken tourreran aritzen zara?

Ibili izan naiz. Azokak onak dira zure lanak erakusteko. Baina oso gauza gogorra da. Gauzak pilatu, kotxean kargatu, bidaia egin, mahaian txukundu, dena berriz jaso, bueltako bidaia eta biltokian deskarga. Eta gehienetan ezer saldu gabe itzultzen zara etxera.

Pieza asko izango dituzu gordeta...

Bilduma bat daukat, tailer batean gordeta. Baina bilduma handiena argazkietan dudana da. Euskal Herriko hainbat txokotatik egin dizkidaten enkarguen argazkiak.

Euskal Herritik kanpo ere lanak enkargatu dizkizute?

Enkargurik “urrunena” Brasilgoa izan zela uste dut. Mexiko aldera ere bidali ditut lanak, eta orain dela gutxi eguzki-lore bat enkargatu zidaten Granadara eramateko.

Egurrezko altzariak egiten bai, baina Ikeako armairuak muntatzen trebea zara?

Bai, horretarako ez da asko ikasi behar. Zaila benetako altzari bat egitea da, benetako egurrarekin. Ikeako altzariena ez baita egurra, nahasketa bat baizik.

Zoritxarrez, Ikean erositako altzariren bat edo beste daukat. Etxean bat baino gehiago bizi gara, eta askotan besteen iritzira moldatu behar zara. Errementariaren etxean...

Bukatzeko, nori emango zenioke zuk egurra?

Politikari askori. Boterezko postu batetik dirua edota askatasuna lapurtzen dutenei.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide