Abuztuaren 25ean udal osoko bilkuran tren-geltokiko, Elortza Maisua kaleko eta trenbide azpiko tunelaren obrak esleitu ziren. Laudioko PSE-EE-k argitara emandako oharrean esleipen honetan baldintza teknikoei baino aurrezteari lehentasuna eman zaiola adierazi du, azpimarratu dutenez hasierako aurrekontua baino % 30 merkeago eskaini duen VIAS y CONSTRUCCIONES SA enpresari esleitu baitzaizkio lanak. "Honek obraren gauzatzean ondorioak izan ditzakeela" salatu dute sozialistek.Adierazi dutenez, "bizi ditugun garaietan, aurreztearen ondorio izan daitezke bukatu gabeko obrak, gauzatzean atzerapenak eta zigorrak, erabilitako materialen kalitate txarra, azpikontratazioak eta lan-baldintza ezegonkorrak".
Hori dela eta, obren gauzatzea gertutik eta zorrotz zaintzeko eskatu dio talde sozialistak EHBilduko udal-gobernu taldeari: "Obra-lan zailak izango dira, eta beraz berebizikoa da lan hauen kontrola eta jarraipena udal teknikariek egitea, udaleko arkitektoak hain zuzen ere".
Sozialistek emandako datuen arabera, lan hauen hasierako aurrekontua 2.175.269,17 eurokoa zen, eta obra VIAS Y CONSTRUCCIONES S.A enpresari esleitu zaio 1.522.430 euroren truke,"652.839,17 euroko aldea dago, hasierako aurrekontu baino % 30 gutxiagogatik esleitu da". Arrazoi hori medio, sozialistek obra-lanen kontrol zorrotza egitea eskatu diote EH Bilduri.