Geraxane Ussiak Zurichen jokatzen hasi diren Europako Atletismo lehiaketan parte hartzeko itxaropena zuen. Ez bakarrik Alcobendaseko Espainiako Txapelketan brontzezko domina irabazi zuelako duela aste batzuk eta bere marka hobetu duelako, baizik eta entrenamenduak egin dituelako Zurichera joateko, Espainiako Federazioak aginduta.
Hala ere, federazioak uko egin dio Geraxanek parte hartzen duen kategoriari. Hau da, 4x400 metroko lasterketara ez du ordezkaririk eraman. Txandaka egiten den lasterketa abuztuaren 16an jokatuko da.
Geraxanek ez du azalpenik jaso federazioaren aldetik eta gainerako txandakako taldeak Zurichen egongo dira.
Laudioarrak ez du ulertzen federazioak hartutako erabakia. Ussiaren aburuz Espainiako Federazioak aurkeztuko duen taldeen artean, emaitza onenak lortzeko parada 4x400 lasterketan zuen.