"Hainbestetan errepikatu den "gerra"rik ez dago, garatzen ari dena sarraskia da"

Erredakzioa 2014ko uzt. 28a, 13:43

AITOR BIKANDI (Laudio, 1981) Palestinan dago eta azken asteetan gertatutako erasoaldi israeldarra gertutik bizi izan du. Ikusle bezala ez ezik, soldadu israeldarren erasoa ere zuzenean pairatu izan du.

Non zaude une hauetan?

Nahiz eta Palestinako beste lurraldeetatik ere ibili, Hebronekiko garatu dudan loturak hemen denbora gehiena pasatzera behartu nau, ia hilabete bi pasa eta egoerak modu esponentzialean egin du okerrera.

AITOR BIKANDI (Laudio, 1981) Palestinan dago eta azken asteetan gertatutako erasoaldi israeldarra gertutik bizi izan du. Ikusle bezala ez ezik, soldadu israeldarren erasoa ere zuzenean pairatu izan du.

Non zaude une hauetan?

Nahiz eta Palestinako beste lurraldeetatik ere ibili, Hebronekiko garatu dudan loturak hemen denbora gehiena pasatzera behartu nau, ia hilabete bi pasa eta egoerak modu esponentzialean egin du okerrera.

Azkenengo egunotan Hebronen Gazako egoera salatzeko hainbat manifestazio egon dira, Israeldar armadak 22 pertsona zauritu ditu gerra-munizio eta gomazko balekin, Hebrongo okupazioan oso esanguratsua den Shuhada kalera sartzeko manifestazio hauek Palestinar Autoritatearen poliziak ere erreprimitu izan ditu, batez ere gasa erabiliz.

Leilat Al-Qadr-en (uztailak 25, Ramadanaren azken ostiralaren bezperan, hots, hilabete santuko azken egun santuaren bezperan), Ramallah-ko Al-Am'ari errefuxiatu gunetik Jerusalemera zihoan palestinarren ibilaldia Israelek gerra munizioarekin eraso zituen, hildako bi eta ehunka zauritu eraginez.

Jerusalemen bertan, Al-Aqsa-ko meskitarako sarrera mugatuta izan dute musulmanek, 50 urtetik goragokoak bakarrik sartu ahal izan dira otoiz egitera eta honek ere liskarrak eragin ditu, bigarren intifadaren hasierarekin konparatuta antz handia izan duen gertakari hau Jerusalem indar polizialez gainezka zegoela gertatu da.

 

Nola azaldu daitezke Israelen erasoak Gazaren aurka?

Azken erasoaldiak ulertzeko -adimena erabilita ere ezer ulertu daiteke- okupazioak suposatzen duena izan behar da kontutan, errealitate horretatik at ez baitago irudi orokorra ulertzerik.

1948ko Nakbaz (palestinar herriaren hondamendia) geroztik Israelek Palestinako lurraldeak geroz eta kontrol eta jazarpen zorrotzagoan mantendu ditu, 1967ko Sei Egunetako Gerrarekin batera okupazioa indartu eta hainbat lurralde indarrez anexionatu zituen, gaur ezagutzen ditugun mugen itxura taxutuz.

Ibilbide penagarri honetan nazioarteko komunitateak ezer gutxi egin du legez kanpoko okupazioarekin amaitzeko, ebazpen antzuez aparte, Israel eta Amerikako Estatu Batuen nahien pean belaunikatzea izan da jarrera orokorra eta 66 urtetako egoera hau luzatzea emaitza.

Etengabekoa izan den jazarpen honen testuinguruan kokatu behar dira jazo diren eraso guztiak, bereziki "Hegi Babesgarria" delako Israelgo gobernuaren azkenengo makro-sarraskia, 2009ko "Berun Urtua" eta 2012ko "Defentsa Zutabea" operazioak basakerian gainditzen dituen masakre hau.

Gazan eragindako anabasaz aparte -oraingoz 1.000 hildako eta 6.000 zauritu, azpiegiturak deuseztatzeak ekarriko duena kontutan hartu gabe-, Zisjordanian ere bere eraginak izan ditu. Israelen kontrol militarra zorroztu eta kolonoen erasokortasuna are gehiago piztuz, nahiz eta eta kalteen proportzionaltasuna oso asimetrikoa izan eta zenbakiek bakarrik errealitatea asko eta oso argi irudikatzen duten, israeldar askoren begietan Gazan sortutako oldarraldia, Hamas-en Al-Qassam Brigaden partekoa, nahikoa da arabiarren erasoa nonahi biziagotzeko.

Netanyahu-ren gobernuak berehala erabili zuen Hamas-en kontrako akusazioa (frogarik gabekoa) aste luzeetan abiarazitako terrorismo kanpainari ekiteko. Esan daiteke beraz erasoaldi berri honen oinarria azpijoko eta gezurretan eraiki dela.

Egunotan jakin da, Israelgo poliziaren iturri ofizialen bitartez, ekainaren 12an bahitutako hiru kolonoak Hamas-en ekintza izan zenaren teoria faltsua zela.

Hebronen adibidez, batez ere H2 gunean, egoera baliatuta, kolonoak oso modu aktiboan bideratu zuten palestinarren kontrako izu eta eraso kanpainari, Israelen armadaren laguntza eta babesarekin.

Beste askok bezala, lerro hauek idazten dituenak ere pairatu behar izan ditu kanpaina horren ondorioak: gaueko ordu txikitan burututako miaketa militarra eta kolonoen erasoaz aparte, soldadu talde batek geldiarazi, modu bortitzean arakatu, mugikorreko argazki guztiak ezabatu eta jipoia eman zidaten.

Legez, militarrek ez dute nazioartekoekiko erantzukizuna, poliziak dira atzerritarrekin tratatu behar dutenak; baina gorrotoa, gauaren iluntasuna eta lekukoen falta baliatuta, eta hain bereizgarria zaien koldarkeria dela medio, oso erraza egin zitzaien bost baten kontrako egoeran beraien izaera nazkagarria adieraztea.

Hurrengo egunean egurtu ninduenetako batekin gurutzatzerakoan, bere amorru aurpegiaren aurrean beldur izpirik ez adierazteak inoiz izan dudan harrotasun momenturik onenetarikoa gozatzeko aukera izan nuen.

Hain adierazgarria zein garrantzi gutxikoa den gertakari honen testuinguruan eman zen egoeraren igoaldia, Hamas-ek Gazan abiarazitako erresistentzia kanpainaren erantzun moduan, guztizko erasoaldiari ekin zioten, airez hasieran, eta lurreko inbasioaren bitartez, behin azpiegitura eta hildakoen kopurua egokia zela erabaki zutenean.

Zisjordanian zehar ekarritako hainbat unitate militar profesional deitu zituzten -besteen artean Hebrongo "Golani" deituriko unitatea, nazioartekoak egurtzen espezializatuak- Gazan zerbitzatzeko.

Hebrongo zeruan hain ezagunak ziren dron eta F16 hegazkinak ere bertaratu dira Al-Qassam-en kontrako erasoaldian bat egiteko eta ospitale eta eskolen kontran eraginkortasuna areagotzeko.

Zalantzarik ez, Gazak pairatzen ari du egoerarik lazgarriena, 1.058 hildako, %80a zibilak eta hauen artean 192 umeak izanda. 6.000 zauritu baino gehiago fosforo zuria, tungsteno bonba eta Israeleko armadak erabiltzen ari dituen bestelako arma esperimentalen bitartez.

Azpiegiturei begira, oinarrizko zerbitzuak suntsituta egoteak dakarrena oso kontutan izan behar da, batez ere ur erabilgarriari dagokionez. Airetik, lurretik eta itsasotik ere gauzatu dituzten bonbardaketek unibertsitateak, meskitak eta baita ospitaleak (hiru gutxienez) eta eskolak ere jo ditu, inora ere ez joaterik ez duen biztanleriaren kontrako erasoetan eta aurresuposatzen zaion zehaztasun militar hori defendatu edo babesteko aukerarik ez daukan biztanleria zibilaren aurka baliatuz.

Honela jokatzen du "Ekialde Hurbileko demokrazia bakarraren munduko armadarik etikoenak".

Beste lurraldeetan kokatuta zeuden baliabide militarrak Gazara bideratu ditu, adibidez, Hebronen hain ezagunak diren dron, F16 hegazkinak eta unitate militar bereziak, ohikoa ez den indarren metaketari ekinez eta jatorrizko lurraldetan utzitako hutsuneak betetzeko erreserbako pertsonala deituz.

Palestinarren ahotan 2009 eta 2012ko operazioak bromak dirudite orain honekin konparatuta.

Uztailaren 27an, aurreko egunean oso kolokan egon den su etena indarrean sartu dela dirudi, Nazio Batuen monitorizazio eskaera dela eta. Anabasaren irudia argi ikusteko aukera emateaz gain, behin-behineko "bake" honek ez du benetan inongo aukerarik suposatuko, behin behineko bake une honetan atzerritik laguntzera datozen norbanakoei bidea zabaltzeaz aparte, agian.

Egoera hau guztia Ramadan garaian jazo izana kasualitatea denik ezin da esan. Motibazioa erlijiosoengatik egun osoa jan eta edan gabe pasa behar duen biztanleriaren aurka egiteak testuinguru estrategikoaren kutsua darama.

Hala ere, Al-Qassam Brigaden erantzun armatuak Israelen armadaren lerroetan galera garrantzitsuak eragin ditu, F16 hegazkin bat ere jo izanak dagoeneko urduri dagoen Israelgo gobernuan ondorioak izango zituen.

Honi gehitzen bazaio armadara deitu dituzten 50 gaztek zerbitzatzeari ezetza eman diotela eta Tel Aviv-en interbentzioaren aurkako manifestazioak ere egon direla, zer edo zzer mugitzen ari denaren sentsazioa garbia da, baita biztanleria israeldarraren baitan, intifada hitza geroz eta ozenago entzuten den momentu honetan.

 

Nola deskribatuko zenuke gertatzen ari dena?

Gertatzen ari dena azaltzea ez da erraza, gertatzen ari ez dena bai ordea:

Hainbestetan errepikatu den "gerra"rik ez dago, gure eta nazioarteko komunitatearen begien aurrean garatzen ari dena sarraskia da.

Oraindik ere komunikabide batzuek Israelen defentsarako eskubidea darabilte erasoaldia justifikatzeko, baina datuak soilik begiratuta nahiko argia izan beharko luke irudia, alde bien arteko asimetria eta kalteak eragiteko proportzionaltasun eza ikusteko.

Erasoaldiaren arrazoiaz, lehenago aipatutako bahitu faltsuen egoerak sorrarazitakoak direla pentsa daiteke. Baina lehendik ere eraso esanguratsuak egon dira, komunikabideetan oihartzunik izan ez dutenak.

Maiatzaren 15ean adibidez, Nakba egunean armarik gabeko gazte bi hil zituen Israelek, jagoletza kamerek hilketaren momentua eta CNN-ko kazetari batek hil zituen soldaduen irudiak harrapatu zituen. Baina ondoriorik ez.

Jazarpen egoera etengabekoa da eta edozerk piztu dezake erasoaldi bortitza... horretarako gaitasuna duen Israelek horretarako arrazoiak ikusten dituenean, noski. Oraingo honetan Israelek bideratu duen zigor kolektiboak hainbat esparrutan jo ditu palestinarrak, israeldarren ernegu arrazistak Jerusalemeko Shu'fat-eko Mohammed Abu Khdeir gaztearen bahiketa eta hilketa basatiak nazioartean eragina pizterakoan, bake itunaren ideia zabaldu zen eszenan, Israelek diseinatutako eta Egiptoren laguntzaz aireratuta, Hamas-en partaidetzarik gabe.

Ideiak arrotutako hautsek lurra ukitu ez zutela, eta Gazako erasoaldiak geroz eta biktima gehiago eragiten ari zen bitartean, Hamasek eskainitako itunaren baldintzei inork ez zien kasurik egin.

Horren modu krudelean Gaza eta Zisjordaniako biztanleria okupazio egoeran mantentzen dituen erregimen kriminal eta arrazistaren ahotik bakeaz hitz egiten entzuteak hipokresia besterik ez du burura ekartzen.

Ez dago arrazoi objektiborik erasoaldiaren arrazoia ustezko defentsarako eskubidean ikusteko. Arrazoi honek baino, zentzu handiagoa dauka sionistei palestinarren batasun gobernuaren ideiak sorrarazten dion beldurran oinarritzeak.

Gazara hondamendia eraman eta bizitza garatzeko oinarrizko azpiegitura fisiko eta sozialak suntsituta, batasun gobernuaren aurrera egiteko aukerak ere suntsitzea ekarriko lukeelaren ideia nahiko logikoa da, "Eretz Israel" delako proiektu baztertzailea garatu nahi duen indarraren ikuspuntutik begiratuta.

Gauzak honela, espero ez zen egoeraren larritasunaren indarrez herri askotako biztanleriaren eskutik BDZ kanpainak bultzada berria bizitzen ari da. Hainbat estatuk ere Israelen dituzten enbaxadoreak erretiratu dituzte, salaketa edo protesta bezala.

 

Nola bizi dute palestinarrek gertatzen ari dena?

Palestinarrek, logikoa den arduraz aparte, eredugarria den duintasunaz bizitzen ari dira erasoaldi berri hau.

Mendebaldekoentzako arrotzak zaizkigun komunikabideetaz aparte (Ma'an, Al Jazeera,...) sare sozialak trebetasunez baliatzen dituzte informazioa, gehienetan lehen eskukoa, eskuratu edota zabaltzeko.

Kalean oldarraldiak oso ohikoak dira eta erresistentziarako baliabide eskasak izanda ere, eskura daukaten gutxia erabiltzen dute Israeli esparru desberdinetan aurre egiteko; hiri zein nekazal gune estrategikoa izan, harriekin gehienetan, suziri artifizialekin bestetan, molotov koktailekin gutxitan, baina betiere adorea baliatzen dute etsitzeko ideiarik ez dutela adierazteko.

Askotan zauritu, zauritu larri eta baita hildakoak badaude ere, erresistentziarako gaitasun bukaezina adierazten ikustea oso normala da manifestazio, kontzentrazio edo bestelako oldarraldietan, askotan gerra-munizioa ere erabiltzen den egoeretan, palestinar herriak batera egiten du aurrera. Gazako egoera desberdina izanda, esparru guztietan askoz mugatuta egonda, filosofia berarekin egiten dute aurrera, posible zaien heinean.

 

Zein uste duzu dela nazioarteko komunikabideen eginkizuna?

Nahiz eta nazioartean Palestinaren aldeko elkartasuna adieraztekomugimendurik egon den, boikot edota inbertsioen kontrako bidean ere urratsak emanda, orokorrean ez da ikusten nazioartetik behin-betiko konponbidea etorriko denik.

Izan ere, Israel eta Amerikako Estatu Batuen hegemoniak oraindik aurrerapausoak geldiarazteko gaitasun izugarria dauka, batez ere esparru ekonomikoan eragiteko ahalmena dela medio.

Bestetik, laguntza estrategikoa oso baliagarria suposatuko luketeen herrialde arabiarren laguntza itxaroteaz ere nekatu dira palestinarrak.

Egiptok adibidez Rafah-ko pasabidea itxita dauka Egiptoko pasaportea ez daukaten palestinarrentzako; Jordaniak ere ezer gutxi egin du Palestinaren alde, are gehiago, Israelen lagun ona dela ez da sekretua. Turkiak aurki beste "elkartasun flotilla" bat Gazara bidaliko duela iragarri du, eta hein txiki batean bada ere, Libano eta Iranen babesa ere badu herri palestinarrak, baina kaleko egoeran eragin eskasa du honek, hain zuzen Ekialde Hurbileko gune honetako herri hauek izugarrizko presioan eta egoera zailetan garatu behar dituzte euren politikak, Siria (dagoeneko nazioartean existitzen ez den herri hori) adibiderik garbiena dela.

Nazioartea, Israelen basakeria eta krudelkeriaren aurrean apur bat esnatzen ari dela badirudi ere, bide luzea geratzen da benetan gatazkaren konponbidean eragile erabakigarria izan dadin.

Herrietan dago itxaropena, herriaren errotik sorrarazitako erreakzioan, orain arte bai Euskal Herrian eta munduko beste hainbat txokotan -Israel eta Estatu Batuak barne- ikusten ari diren elkartasun adierazpenetan dago aurrera egiteko potentzialtasuna.

 

Konponbidea non sortu daiteke?

Hain zuzen ere, Hego Afrikan gertatu zen bezalaxe, nazioartearen parte-hartze, inplikazio eta presioa beharrezkoa da behin betiko konponbidearen bidean. Ez Gazako egoerarekin bukatzeko bakarrik, baizik eta okupazio eta apartheid egoerarekin amaitzeko ere.

BDZ mugimenduak -Palestinako gizarte zibilak bultzatutako nazioarteko ekimena- proposatzen duen bezala, nazioarteko gobernuengan presioa egiteko herri desberdinek Israelen kontrako boikot, inbertsioen kontrako mobilizazioak eta zigorrak bultzatu behar dituzte. Hiru dira mugimenduaren helburuak:

-Palestinako 1948ko lurraldeetan (orain Israel deitzen den hori) bizi diren palestinarren eskubideak aitortu eta errespetatzea, hots, apartheid egoerarekin bukatzea

-Okupazioarekin amaitzea, batez ere nazioarteko legediari begira legez kanpokoak diren koloniek, jazarpen militarrak eta harresiak eragindako kalteekin bukatzea

-Palestinarren bueltatzeko eskubidea onartu eta gauzatzea, 1948an bai Zisjordaniara eta atzerriko herrietara mugitzera behartuta egon zirenentzako

Hau erdiesteko hiru fase edo esparru ezartzen ditu mugimenduak:

-Boikota. Israelgo ekonomia kriminalarekin loturik duen produktu eta zerbitzuak gaitzetsi eta boikoteatzea. Arlo ekonomikoan, akademikoan eta kulturalean

-Desinbertsioa. Estatuek esparru pribatu edo publikotik bideratutako inbertsio ekonomikoak desagerraraziz

-Zigorrak. Israelen jokabide kriminala zigortzeko neurriak hartzea, zuzenean isun eta blokeoak ezarriz, arlo ekonomikoan, diplomatikoan eta militarrean.

Bidea luzea izanda ere, Hego Afrikako kasuak ekimenaren eraginkortasuna bermatzen du. Are gehiago, hainbat enpresek pairatutako galerek, presio zibila dela medio, galera handiak izan dituzte.

Egun hauetako erasoladiaren ondorioz, hainbat enpresetako akzioek behera nabarmen egin dute. BDZ dagoeneko finantza-arriskua da. Israelgo gobernuak berak Kontu Estrategikoen Bulegora pasa ditu kanpainarekin erlazionatutakoak, baita kontra-kanpaina ere abiarazi, Euskal Herrian bertan zoritxarreko adibiderik badago "kontra-mugimendu" honekin batera egiten dutenen artean.

Konponbidea beraz, barrutik palestinarren batasunetik pasako den bezala, nazioartean BDZ kanpainaren inguruko batasunean oinarritu beharko litzateke. Ardatz bi hauen artean, elkartasunaren adierazpena eta benetako egoerari buruzko informazioaren hedapenarekin batera, itxaropenerako arrazoi sendoak eraikitzeko aukera badago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide