Laudioko Txosna Batzordeak, herriko eragileek urtean zehar egindako lana saritze aldera, Urrezko Katxia izeneko saria sortu zuen 2013an. Aurten bigarren aldiz banatuko dute, eta, iragarri bezala, Etawasol Laudioko Saharar Komunitatearen elkarte soziokulturalak jasoko du, inklusioaren alde egiten duen lanaren sari.
Txosna Batzordearen arabera, elkarteak ahalegin handia egiten du bere tradizio eta ohiturak gainerako laudioarrei ezagutarazteko, errespetutik eta kultur artekotasunaren sustapenean oinarritutako bizikidetza bultzatzeko asmoz. Gainera, Etawasol herriko eragile aktiboenetakoa dela deritzote, urtean zehar antolatutako ekimen oparoek erakusten dutenez.
Txosna Batzordeak herritik eta herriarentzat egindako jaiak aldarrikatzen dituen heinean, “jaioterria utzi behar izan duen eta gaur egun gure herriaren parte den jendea” ezin dela ahaztu uste du. Izan ere, pertsona horietako bakoitzak berekin dakarren ondasun sozial eta kulturala aberastasun-iturri agorrezina dela deritzo.
Abuztuaren 15ean jasoko dute saria. Horretaz gain, Laudioko Txosnetako txupinazoa jaurtitzeko aukera izango dute.