Aurreko ostiralean Laudioko Udalak ALHAO-ean argitaratu zuen kultur, kirol zein jaietako proiektuak diruz laguntzeko deialdia. Hori dela eta, kultur proiektuek abuztuaren 4a arteko epea dute eskaerak aurkezteko. Jaietako eskaerak aurkezteko epea, aldiz, hamabost egunekoa izango da eta kirol federatuko programek hilabeteko epea izango dute. Deialdi honen bitartez emandako diru laguntzen kopuru osoak ezingo du aldez aurretik ikusitako diru kantitatea gainditu. Kulturaren kasuan, 42.000€, kirolean 45.000€ eta jaietako alorrean 99.582,40€.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskaera orriak Laudioko Udalaren kultura, kirol eta jaietako arloan eskuragai egongo dira. Orri horrekin batera hainbat dokumentazio aurkeztu beharko da eskaera ontzat emateko. Lehenik eta behin, eskaera sinatzen duenaren NANaren fotokopia, bere izenean edo elkarte baten ordezkari lana egiten duelako; elkartearen IFZ. Bestalde, Laudioko Elkarteen Udal Erroldan izango ez balitz, bertan izena eman ahal izateko dokumentazioa aurkeztu beharko da. Erakundearen Estatutuen fotokopia, legez sortua izatea eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan dagoela egiaztatu beharko da. IFZren egiaztagiria ere aurkeztu beharra dago.
Horrez gain, 2014. urterako jardueren programa aurkeztea derrigorrezkoa da. Bertan, jardueren helburuak, tokia data eta iraupena zehaztu. Baita, nori zuzenduta dagoen eta jarduerarekin zenbat pertsonek jasoko duten onura ere. Jardueraren esparrua eta euskararen erabilera ere aipatu behar dira.
Azken urtean beste elkarteekin elkarlanean egindako jardueren zerrenda eta diru laguntza eskatzen den ekimenen eta jardueren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu zehaztua ere aurkeztea derrigorrezkoa da. Baita, diru laguntza ordaindu ahal izateko, eskatzen duenaren kontu korronte zenbakia eta jarduerak egin ahal izateko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak zehaztea ere. Garrantzitsua da erakundea sortu zen data zehaztea eta diru laguntza eskatu den programarako beste erakunde publiko edo pribatuei egindako diru laguntza eskaeren zinpeko adierazpena.
Bukatzeko, Udalari, Diputazioari eta Gizarte Segurantzari egin beharreko zerga ordainketa guztiak eginak izan, hala nola zuzenbide publikoko diru-itzulketa edo gainerako zorrak eta diru laguntzak itzultzeagatik egin beharreko ordainketa guztiak eginak izatea.