Pasa den astean CD Laudio klubak 87 urte bete zituen polemikan murgildurik. 2. B maila utzi ez ezik, jokalariekin pilatutako zorrak direla eta -200.000 euro inguru- 3. maila preferentera jaitsi dute kirol erakundeek, jaitsiera administratiboaren bitartez.
Pasa den ostiralean egin zuten batzar orokorra CD Laudioko zuzendaritza eta bazkideek eta aurrera egitea erabaki zuten. Inork ez zuen kluba disolbatzeko asmorik adierazi.
Giroa oso zakarra izan zen hala ere eta eztabaidak ugariak zuzendaritza eta zenbait bazkideen artean. Zuzendaritzak berriro errepikatu zuen Arabako Foru Aldundiaren partetik diru-laguntza handiagoa espero zutela eta horrek eragin duela sortutako zorra. 300.000 euro espero zuten Foru Aldundiaren aldetik eta 155.000 euro jaso zuen klubak. Zor den diru kopurua 220.000 eurokoa da, gutxi gorabehera.
Zuzendaritzak egindako aurreikuspen horiek kritika ugari eragin zituzten bazkideen aldetik.
Zorra kitatzeko egitura berria
Aurtengo Laudioko Udalaren diru-laguntza jaso ez badu ere, klubak iragarri du oinarri-futboleko entrenatzaileak ordaintzeari bideratuko dela.
Udalak ezarritako irizpide berriak direla eta, bere aldetik jasoko diren diru-laguntzak oinarri-futbolean erabili daiteke bakarrik, hau da, gazteen beharretan.
Horren ondorioz, aurrekontuak bitan banatuko dira. Alde batetik oinarri-futbol taldekoak eta bestetik lehen taldekoarena.
Gurasoak eta bazkideak
Aurten ume eta gazteen jokalariek fitxa ordainduz gero CD Laudioren lehen taldearen bazkideak ziren, aurrerantzean izaera ezberdinak izango dituzte guraso eta bazkideek. Gurasoek kuota bat ordainduko dute eta bazkideek beste bat.
Batzarrak erabaki zuen bazkideek 115 euro ordainduko dutela eta gurasoen kuoten balioa irailaren hasieran zehaztuko dira. Orduan zenbat umek jokatu duten jakingo du klubak eta zehaztuko dituzte.
Bazkideen kuota eta egiten diren jarduerekin eta publizitatearekin ordainduko klubak dituen zorrak.
Pertsona berriak
Zuzendaritzak CD Laudioren egoeraren ardura guztia bereganatu zuen eta jarraitzea erabaki du. Haien ustez arduragabekeria izango litzateke kluba egoera hain estuan uztea.
Dena den, pertsona berriak gehitu dira proiektura: Ibon Kuartero kirol koordinatzailea izango da eta Javier Peredak eta Asier Gonzalezek lehen taldea entrenatuko dute.
Joango direnen artean Ibai Santisteban dago. Jokalaria oso haserre azaldu zen batzarrean, klubak ez diolako askatasun eskutitza eman beste talde batekin aritzeko. Hala ere, klubak dirua zor dionez, beste talde batera joateko aukera du.