Bideak atondu eta konpontzeko proiektua maiatzaren 30ean onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean. Bertan, Katuxa Ibarra, Gardeagotxi eta Lusurbeilandako landa bideetan nahiz Hirugurutzetako errepidean egin beharreko interbentzioa zehazten da. Guztira, 2014ko aurrekontuetan 231.989 euroko diru-saila ezarri zuten, obra egin ahal izateko.
Lusurbeilandan bidea konpontzeaz gain zenbait puntutan agertzen den estutasunari aurre egingo zaio. Gardeagotxin ere zentzu berdinean ekingo da. Katuxa Ibarran, aldiz, bidea asfaltatuko da.
Oinarrizko konponketez gain, Udaletik hobekuntzak egiteko aukera aurreikusi dute. Izan ere, proiektua 365.536 eurokoa bada ere, bertan aipatutako hobekuntzak jasotzen baititu, obraren esleipenean ezarritakotik beherako kostua aurkezten bada diferentzia bideetan obra txiki horiek egitera bideratuko dute.
Konponketa horietan herritarrek egindako eskaerak bete nahi dituzte. Udalaren asmoa hurrengo aurrekontuetan ere partida bat txertatzea izango da, bide gehiagok konponketak behar dituztela iritzita.
Gaur ALHAOn publikatu ondoren, enpresek 13 egun izango dituzte proposamenak aurkezteko. Ondoren kontratazio mahaiak, informe teknikoak… egingo dira obra esleitzeko. Irailaren amaieran obrekin hastea aurreikusten da Udaletik.