"Ez dago argi zein den herri mugimenduak droga legal zein ilegalekiko duen jarrera"

Txabi Alvarado Bañares 2014ko uzt. 9a, 10:30

Aitor Aspuru Saezek (Laudio, 1981) urteak eman ditu drogen, kapitalismoaren eta herri mugimenduaren arteko harremanaren inguruko materiala biltzen. Bildutako ondorioekin liburu bat plazaratu berri du: “Drogas, capitalismo y movimientos radicales. Fragmentos para un discurso crítico en Euskal Herria”.

Liburua prozesu luze baten ondorioa da, ez?

Aitor Aspuru Saez-ek (Laudio, 1981) urteak eman ditu drogen, kapitalismoaren eta herri mugimenduaren arteko harremanaren inguruko materiala biltzen. Bildutako ondorioekin liburu bat plazaratu berri du: “Drogas, capitalismo y movimientos radicales. Fragmentos para un discurso crítico en Euskal Herria”.

Liburua prozesu luze baten ondorioa da, ez?                                                                                                                                                         Liburuaren ideia zaharra da. AHTren aurkako akanpadan, Izurtzan egindakoa 2009. urtean, tailer eztabaida prestatzea eskatu zioten Madrilgo lagun bati antolatzaileek. Berak psikiatria ikuspegi kritikotik lantzen du eta drogen kontsumoarekin oso lotuta dago bai psikiatrizaturik bukatzen duten pertsonak zein psikiatriaren praktika bera. Lagun honek gonbidatu ninduen tailerra egiten eta sekulako eztabaida sortu zen. Nahiko bortitza une batzuetan, egia esanda.

 Une horretan hasi nintzen apur bat drogen diskurtso kritikoa mamitzen. Liburua ez da behin betiko lana, ez dut beka bati esker egin. Nire denbora librean egin dut eta ondorioz ez da lan akademiko eta sistematikoa eta are gutxiago bukatutzat jo dezakegun ikerketa. Abiapuntua izan daiteke eztabaidari modu konplexuan aurre egiteko eta ohiko jarrerak alde batean uzteko.


Nori zuzendua dago testua? Zein da bere helburua?                                                                                                                                        
Liburua edonork irakurri dezake. Zentzu horretan topatu ditudan datu eta informazio guztiak ez ditut argitaratu ez dakidalako noren esku eror daitezkeen, baina finean herri mugimenduan dabilen jendeari zuzenduta dago. 

Herri mugimenduan arazo ugari sortu eta sortzen dituzte drogek. Bai kontsumoaren aldetik zein beste esparruen aldetik -harreman pertsonalak, droga saltzaileen aldetik...- eta arazo horri ez bazaie erantzun zintzoa ematen okerrera egingo dute. Kontraesanak noizbait mahaigaineratu beharko dira eta benetako eztabaida, heltzekotan, oso berandu helduko da tamalez.

 Herri mugimenduak drogekiko -legalak eta ilegalak- duen jarrera ez dago argi eta ez da zehaztu zein den horien helburua bere esparrutan. Jende gehienak nolabaiteko kontzientzia faltsua dauka eta argudio malguegiak erabiltzen dira oro har. Horrekin esan nahi dut errepikatzen diren argudioak ez dutela benetan ezer esaten eta ez dutela ondorio praktikoak.

Azkenean ez dago argi drogen zentzua zein den herri mugimenduaren baitan, gure onurarako edo kalterako erabiltzen ditugun. Eta jaiak eta aisialdiak pisu ikaragarria dute herri mugimenduak martxan jartzen dituen ekimenetan. Adibidez, gazte batek txosna bat nola kudeatu behar den ezin hobeto jakingo du herri mugimenduan urteak eman eta gero, baina atxiloketa bati eta horrek sortu ditzakeen egoera bortitzei aurre egiteko ez du tresnarik izango. Tontokeria dirudi baina adierazgarria da. Jaiak eta drogek sekulako pisua dute militantzia eta herri mugimenduaren ereduan, eta gainera ez dugu ondo landu.

Gure buruekin zintzoak izan behar dugu eta pentsatu beharko genuke jai eredu alternatiboa benetan alternatiboa den. Drogen kontsumoan (alkohola edo beste mota batzuk) ez zait batere alternatiboa iruditzen. Egia da zeharkako diskurtsoak txertatu direla (feminismoa, adibidez), baina kapitalismoaren balore eta praktika guztiak edo gehienak errepikatzen dira: kontsumismoa, ardurarik gabeko kontsumoa, ihesbide kaltegarria...


Zer topatu ahal izango du irakurleak liburuan?                                                                                                                                              
Ufffffa. Galdera zaila da hori. Ezin dut modu laburrean azaldu. Saiatuko naiz behintzat.

Hiru zati garrantzitsuetan banatu daiteke liburua. Lehenengo zatiarekin ez naiz oso gustura geratu baina saiatzen da osasun mentalaren eta drogen arteko harremana lantzen. Ez bakarrik drogak gaixotasun mentalen eragileen artean faktore oso inportantea direlako, baizik eta gaixotasun mota horiei aurre egiteko droga legalak erabiltzen direlako gehienetan eta bere ondorioak ez direlako beti positiboak. Zati honekin oinarrizko kontu batzuk adierazten saiatu naiz eta psikiatria kritikoaren argudio gehiegi erabili ditut agian. Baina mezua gutxi gorabehera hau da:

-Osasun mentalaren berebiziko garrantzia eta hori politikoki aldarrikatzeko beharra dagoela, psikiatriak ez duelako erantzun guztiz fidagarririk eta osasun mentalak bizitza guztia baldintzatu dezakeelako.

-Psikiatriak eskaintzen dituen tresnekin -bai diskurtsoarekin zein farmakoekin- oso kritikoak izan behar garela zentzu askotan.

-Farmakoak erabiltzerakoan oso kritikoak izan behar garela. Baina, hala ere, drogen kontsumo oso zilegia da psikofarmakoena. Baliteke droga horiek sufrimendu psikikoarekin ez bukatzea -orokorrean aldagai psikosozialetan bilatu beharko litzateke gaixotasunaren mamia-, baina jende askori errazten diote egunerokotasuna. Zentzu horretan iraingarria iruditzen zait drogak modu ludikoan hartzen dutenek mespretxatzea psikofarmakoak hartzen dituen jendea.

 Liburuaren bigarren zatiak kapitalismoak eta drogek duten sintonia aipatzen du. Horrekin ez dut bakarrik esan nahi negozio kapitalista izugarria dela drogen salmenta legala eta ilegala. Drogen kontsumoak balore kapitalista ugari sustatzen ditu baita: kontsumismoa, hedonismo arduragabea -plazerra bilatzea ondo dago, kontua da nola egiten den-, indibidualismoa...

 Eta hirugarren zatian bi kontu lantzen dira. Alde batetik, drogak ez direla ez onak ez txarrak ezta neutralak ere. Testuinguru historiko batean kokatu behar dira ulertzeko bere eraginak positiboak edo negatiboak diren. Nire ustez gaur egun eta kapitalismoa existitzen denetik sistemaren tresna oso ona izan dira bere garaipen ideologiko eta praktikoa bermatzeko -industrializazioarekin alkoholismo masiboa agertu zen eta kontsumo gizartean drogen kontsumo anitza errealitate normalizatua da-. Drogak prozesu historikoei lotu behar dira.

Ez da kritika bera Fiedrich Engels-ek egin zuena XIX. mendeko Ingalaterran eta gaur egun egin behar dena. Baina gizarte garaikidearen oinarriak zalantzan jarri gabe drogen kritikak ez dauka zentzurik. Hau da, kapitalismoak eragiten dituen joera eta dinamika sozialen baitan bakarrik uler daitezke drogek sortzen dituzten kalteak eta beharrak. 

 Horregatik hirugarren zatian -jende gehienak lehendabizi irakurri behar duen zatia, ziurrenik, liburuarengan interesa ez galtzeko- Euskal Herrian drogen inguruan familia politikoen diskurtso ezberdinak jasotzen dira. 

Zer nolako diskurtsoak jasotzen dira? Bilakaerarik egon da diskurtso horietan urteetan zehar?                                                               Bai, bilakaera argia dago. XX. mendearen hasieran anarkistak ziren drogak gehien kritikatzen zituztenak. Isaac Puente sendagile bizkaitarrak drogen kontsumoaren aurkako testuak idatzi zituen. Anarkisten argudioak oso sinpleak ziren: langileek baldintza oso gogorrak bizi zituzten lanpostuetan eta bere osasuna eta borroka askatzailea bermatzeko ohitura osasuntsuak izan behar zituzten (ez zen kritika moralista, praktikoa baizik. Anarkistek trebakuntza kulturala, nudismoa eta sexualitate kontzientea sustatzen zuten besteak beste, ez bakarrik drogen kritika). Korronte kritiko hori frankismoak zapaldu eta ezabatu zuen, jakina.

  Drogen kritika berriro indarrez 70. hamarkadaren bukaeran eta 80. hamarkadan agertzen da, eta fenomeno lazgarri baten harira: heroina. Heroinak sekulako sarraskia eragin zuen Euskal Herrian, estatu espainiarrean eta munduko hainbat lekutan. Horren aurrean talde politiko guztiek eta herri mugimendu osoak jarrera irmoa izan zuen.

 Harrigarria da ikustea egindako lan hori guztia denborak ezer ezean utzi duela. Herri mugimenduak boikotak sustatu ez ezik laguntza elkarteak ere antolatu zituen eta gaur egun ezinezkoa dirudien gauza bat: hedabideek eta akademikoek jasotzen ez duten historiaren bertsio alternatiboa eta oso zabaldua. Herri mugimenduak salatu zuen estatuaren utzikeria eta konplizitatea eta ez hori bakarrik, lortu zuen gizartearen zati handi batek onartzea. Niri pena handia ematen dit ikusteak errebisionismoak eta ahanztura interesatuak lorpen horrekin egiten ari direna.

 Heroinaren aurkako borrokak indar ugari mobilizatu zituen eta nolabaiteko garaipena lortu zuen -hori bai, inork ez daki zenbat pertsona hil ziren kontsumoaren ondorioz, ezinezkoa badirudi ere inork ez du ikerketarik egin horren inguruan-.

 Baina garaipen hori lortu bezain laster drogen inguruko ikuspegi kritikoa nolabait lainotzen joan zen eta ez zen 2001. urtera arte berreskuratu, Segik egindako kanpainarekin. Hiru familia politiko hartu ditut eredu: muturreko ezkerra (EMK, LKI, Zutik), autonomoak eta Ezker Abertzalea. Ez dut bakoitzaren jarrera azalduko, horretarako liburua dago eta!

"Fragmentos para un discurso crítico en euskal herria" da liburuaren azpitituloa. Ze pauso eman beharko lirateke diskurtso kritiko hori osatzeko?                                                                                                                                                                                                 Ufaaaa. Beste galdera zail bat. Hasteko ni ez naiz inor erantzunak emateko, alproja bat besterik ez naiz, karkarkar. Gehienez galderak egin ditzaket. Eta erabili nahi dugun zintzotasun mailaren arabera galdera batzuk -azalezkoak edo sakonagoak- agertuko dira. Adibidez, zergatik herri mugimenduak lokal berria irekitzen duenean orokorrean egiten duen lehenengo gauza barra jartzea da? Herri mugimenduaren betebehar garrantzitsuena jaiak antolatzea da? Zer droga mota kontsumitu daiteke herri mugimenduaren esparrutan? Droga saltzaileak ongi etorriak dira? Zergatik egon behar da militantzia aisialdira lotuta?...

Galdera gehiegi dira. 

Niretzat begi-bistakoa da drogen inguruan daukagun ikuspegiak -edo ikuspegi ezak- ez gaituela laguntzen. Eta abiapuntu indibiduala ahaztu behar dela ikuspegi kolektiboa garatzeko. 

Zenbait esparrutan herri mugimenduak erabaki du sortzen diren arazoak larriegiak direla arazo indibidualki tratatzeko (errepresioa, indarkeria sexista...). Eredu hori jarraitu beharko genuke drogekin. Guztioi eragiten badigu, zergatik ez bilatu irtenbidea guztion artean? Norbanakoen irtenbideek uste dut ez dutela inora eramaten eztabaida; bakoitzak egin dezake nahi duena bere gorputzarekin, jakina, baina  arazoaren muina ez da hori.

Bukatzeko, liburua irakurri nahi duenak non eskuratu dezake?                                                                                                             Argitaletxeari eskatzeko aukera dago: http://www.ddtbanaketak.com/producto/drogas-capitalismo-y-movimientos-radicales/. Laudioko Zuhaitza liburu-dendan ere erosi daiteke. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide