Lamuza Parkeko Musika Etxean konponketa lanak hasi ditu langile talde txiki batek. Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera Arabako Foru Aldundiak 60.000 euroko diru-laguntza onartu du Diputatu Kontseiluan eta lan horietan erabiltzeko.
Hedabideek azaldu dute obren xedea dorrea egonkortzea dela eta hurrengo asteetan bukatzeko asmoa dutela. Lan horiek eraikinaren degradazioa gelditzea dute helburu eta ez dute harremanik gerora emango zaion erabilerarekin.
Laudioko Udalak, Koldo Zabala zinegotziaren bitartez, azaldu du Arabako Foru Aldundiak ez diola ezer adierazi obren inguruan. Hori dela eta, harremanetan jarriko da foru erakundearekin zer egingo den jakiteko.
Duela aste gutxi Laudioko Udalak eskatu zion Foru Aldundiari Ugarte auzora doan espaloiaren egoera konpontzea, Musika Etxean arrakalak ireki zirenetik itxita baitago.