Datozen egunotan Alberto Aceroko orubean zutik geratzen den azkeneko eraikina eraisteari ekingo diote, zehazki San Jose bazarra zegoenekoa. Proiektua 2009an onartu bazen ere, ezin izan zuten eraikina bota orubearen jabearekin akordiorik lortu ez zutelako. Jabe berriak, Laudio Berri enpresa, ordea, baiezkoa eman du. Proiektua sinatu zenean adostu bezala, Zandesa enpresa izango da lanez arduratuko dena. 27.400 euro bideratuko dira horretara, guztira 75.066 euro eskatu dituen obraren azkeneko zatia burututzat emateko.
Hurrengo pausoa Laudioko Udala eta Laudio Berri enpresaren artean orubearen behin behineko erabilerarako aukera adostea izango da. Udalak, enpresak proiektu bat aurkeztu bitartean erabilera publikora bideratu nahi du orubea. Akordioa datozen egunetan helduko dela uste dute.