"Euskaraz eta alaitasunaz gain baloreak ere lantzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun"

Erredakzioa 2014ko uzt. 3a, 17:31

PIRRITX pailazoa Laudiora etorri da berriro hainbat kiderekin. Bere bisita aprobetxatuz "Bizipoza" ikuskizuna eta hamaika kontu aipatu ditu elkarrizketan.

Bizipoza” ikuskizunaren mezua zein da?

PIRRITX pailazoa Laudiora etorri da berriro hainbat kiderekin. Bere bisita aprobetxatuz "Bizipoza" ikuskizuna eta hamaika kontu aipatu ditu elkarrizketan.

Bizipoza” ikuskizunaren mezua zein da?

Ikuskizunaren lanketa egin dugu behar ezberdinak dituzten familiekin batera. Orotariko behar ezberdinak: Irrien Lagunak-en badaude 22 elkarte; familia eredu ezberdinak lantzen dituzten elkarteak, ijito elkarteak, naturaren aldekoak, esklerosi anizkoitza jorratzen duen elkartea, minbizidun haurren familien elkarteak... Denetarik.

 Eta badirudi arazo bat izan arte ez zara jabetzen beste mundu hori existitzen denik. Eta nahi izan dugu taularatu. Esate baterako gurpildun aulki batean bizi den mutiko baten egunerokotasuna, autismoa duen beste mutiko batena ere, Txernobiltik datorren mutiko batena... errealitate ezberdinak eta inguruan dauzkagunak egunerokotasunean. Taburik gabe eta normaltasunez landuz.

 Haurrek ikus dezaten zer errealitate mota bizi diren eta ezagutzatik beldurra ere txikiago izango da eta normaltasuna handiagoa. Inklusioa zentzu horretan.

 Ikuskizuna oso alaia da. Ikusiko duzue Panpoxa furgoneta iritsi dela Laudioko plazara eta bat-batean furgonetak pot egin duela. Txilipito anderea etorriko zaigu mugi dezagun esatera gaizki aparkatuta dagoelako. Eta guk esango diogu ez dagoela gaizki aparkaturik baizik eta matxuratuta eta ondorioz ezin dugula mugitu.

 Orduan jendea laguntzera etorriko gara baina konturatuko gara pasaeran hurbiltzen den jendeak gu laguntzen gaituela.

 Gorka Konpontzaileak, gurpildun aulkian dagoenak, konponduko du furgoneta. Eta behin konponduta, Katramila eta gero, estralurtar bat ere etorriko da. Bere plater hegalariak talka egingo du Panpoxaren kontra. Estralurtarrarekin landuko dugu arraroa izatearen kontua. Guk esango diogu oso arraroa dela begi bakarra duelako, Tartalo bezala, eta babarrun itxura duela... eta berak erantzungo digu gure itxura ez dela oso ohikoa: begi bat laranja eta beste berdea...

 Lehen esan bezala, hori izango da arraroa izatearen edo gaixotasun arraroak izatearen kontua normaltasunetik haurrekin lantzeko modua.

Maiz etortzen zarete Aiaraldera, zer sentitzen duzue eskualdera etorri behar zaretenean?

Gu oso gustura etortzen gara. Beti arreta jartzen diogu euskararen egoerari. Beti egiten dugu, hona etortzen garenean zein Nafarroara joaten garenean. Eta urterik urte zein den eboluzioa, elkarteek nola egiten duten lan, askotan elkarteek edo guraso elkarteek deitzen gaituzte eta.

 Guk hizkuntza aldetik ikusten dugu aurrera egiten duela. Behintzat ezagutza maila. Erabileran gu saiatzen gara beti euskara alaitasunaren, baloreen eta batez ere emozioen aldetik lantzen: besarkadak eman, maite ditugula esan, bere sekretutxoak entzun, txupeteak ematen dizkigute... eta guk emoziotik lantzen dugu hori. Eta guk bezala, beste hainbat elkarte eta hedabide hor zaudete lanean. Eta hori oso garrantzitsua da guretzat, guk nahi genukeen Euskal Herri Irri horretarako bidean. Lan polita egiten ari zarete.

Umeentzako ikuskizun egokia dela aipatu duzu, baina helduek umeek bezainbeste gozatzen dute Irrien Lagunekin? Edo gehiago?

Guk beti diogu gure ikuskizunak eta gure musika ez direla haurrentzat, 0-100 urte bitartekoentzat baizik. Familiari enfokatuak daude gehienbat, familia-giroan ikusteko. Baina bi urteko haur batek gauza batzuk ulertu eta emozio batzuk biziko ditu, bost urtekoak ezberdin, hamar urtekoak baita... eta gero asko suertatzen ari zaizkigu bueltan datozenak. 14-15 urteko gazteak gure saioa berriro ikustera datozenak, eta hori ere oso polita da.

Urte asko daramazue ikuskizun askorekin, aldatu egin da hasieran zenuten planteamendua?

Kontua da taldea kasualitatez sortu zela. Lasarte-Oria duela 30 urte oso herri erdalduna zen, eta kontua zen ikastetxeek Olentzeroren festa egiten zutela, eta nahiko astuna suertatzen zen: gelaz-gela pasa, itxaroten zeudenak aspertzen ziren... eta hiru irakasle bildu ziren, lau kanta kasetetan grabatu eta ikastetxeei pasa zieten, ikas zitzaten. Pailazoz mozorrotuta pasa ziren gero klaseetatik, haurrak dibertitzeko... eta egun baterako sortu zena handituz joan zen. Herriko jai baterako deitu zituzten gero, eta aldameneko herritik ondoren... Handik bost urtera bai erabaki zuten horretara jartzea eta ordura arte afizio zutena ofizio ere bilakatzea.

Nik taldean 16 urte daramatzat, eta ordurako jada profesionalizatua zegoen. Eta, hasiera batean euskaraz dibertitzea zen helburua. Baina konturatu ginen aurrean genituen horiek guk esandakoak errepikatzen zituztela, eta horrela konturatu ginen eredu izan gintezkeela eta hezitzaile paper bat ere bagenuela gure pertsonaietan. Orduan, euskaraz eta alaitasunaz gain baloreak ere sartzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun eta gaur egun ezin dugu ikuskizuna balore erantsi horiek gabe ulertu.

Beste ezaugarri bat da hainbat elkarterekin egin dugun elkarlana. Minbiziaren gaia landu genuenean, esate baterako, haur minbizidunen familien elkarteekin, familiekin, erizainekin, pediatrekin... landu genuen. Eta emaitza horrela beti da askoz aberatsagoa. Arazoak, tristurak eta pozak barrutik ezagutzen dituzu eta hori gero plazaratzeko mamitsuagoa da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide